"Ez nuen sekula imajinatu izan dudan ibilbidea izango nuenik"
Hamahiru urtez aritu da Eli Sarasola atezaina (Amara Berri, 1991) goi mailan. Realean debutatu zuen, 16 urterekin eta, geroztik, Bartzelonan, AEBetako unibertsitate ligako Charlestonen, eta Herbehereetako Ajax eta PSV Eindhovenen jokatu du, hurrenez hurren. 29 urterekin, ateari agur esatea erabaki du, beste proiektu batzuetan murgiltzeko. Amaiera gazi-gozoa izan du, Herbehereetako liga bertan behera utzi baitute, COVID-19aren pandemia dela eta.
Zergatik erabaki duzu erretiratzea?
Duela denbora dezente erabaki nuen. Are gehiago, duela bi urte ere, Ajax utzi nuenean, aukera hori buruan izan nuen, baina, hausnartu ostean, ikusi nuen ez zela une egokia.
Orain, ordea, lesio garrantzitsurik ez badaukat ere, minbera sentitzen ari nintzen gorputza. Urte asko eman ditut lurrera botatzen, eta gorputzari atseden eman, eta etorkizunean pentsatzen hasi nahi nuen. 29 urte ditut eta jendeak dio erretiratzeko gaztea naizela oraindik, baina futbolaz gain zer dagoen ezagutzeko eta ikusteko gogoa dut.
Erabakia hartuta bazenuen ere, nola bizi duzu une honetan erretiratzea, COVID-19ak Herbehereetako liga bertan behera uztera behartu duenean, zure taldeak lehenengo liga irabazteko aukera izanda?
Amorru handia eman dit. Zaila da denboraldiari, eta oro har futbolari nik nahi dudan moduan ezin agur esatea, azkeneko partida batean. Beste denboraldi bat luzatzeko burutazioa ere izan nuen, baina neure barnean sentitzen nuen ezingo niola eutsi, eta, gainera, erabakia hartuta zegoen.
Nolakoa izan da denboraldi hau zuretzat?
Ni ondo eta gustura entrenatzen eta jokatzen ari nintzen, nahiz eta, esan dudan moduan, gorputza minbera sentitzen nuen.
Bestalde, taldea bide onetik zihoan. Joan den urtean bezala, ondo hasi genuen denboraldia eta gero eta hobeto gindoazen. Gainera, aurten bazirudien liga irabaziko genuela, PSV Eindhoven taldearen lehena, baina azkenean ezer ez.
Guztira, hamahiru denboraldiz aritu zara goi mailan lehian. Zuretzat zer esan nahi du horrek?
Ez nuen sekula imajinatu izan dudan ibilbidea izango nuenik. Umea nintzela futbolean hasi nintzenean, ez zeuden emakumezko erreferente asko oraindik, edo nik behintzat ez nuen haien berri. Eskolan futbolean aritzen zen neska bakarra nintzen.
Hazi ahala joan nintzen emakumeen futbola ezagutzen. Athletic garai hartan ligak irabazten ari zen eta hor hasi nintzen erreferenteak izaten. Realak fitxatu eta 16 urterekin debutatu nuen taldearekin, lehen mailan. Betidanik txuri-urdina izan naiz, beraz, izugarria izan zen hori niretzat. Ondoren, Bartzelonara joan nintzen eta liga irabazi genuen. Gero, AEBetara abiatu nintzen, txikitatik izandako ametsa betez, Mia Hamm eta AEBetako futbola erreferenteak baitziren niretzat; eta azkenean Herbehereetara etorri eta Ajax eta PSV klub historikoetan aritu naiz. Atzera begiratuta, nahiko ibilbide polita geratu zait [barrez].
Atezain izatea erabaki zenuen edo hala egokitu zitzaizun?
Txikitan ez nuen batere gustuko atezain izatea [barrez]. Añorgan ari nintzela, ergelarena egiten ikusi ninduten atean. Egokia izan nintekeela pentsatu zuten ziurrenik, eta hainbat partidatan atezain izaten hasi nintzen. Ondoren, Nazional Mailara saltoa emateko atezain izan behar nuela esan zidaten, eta probatzea erabaki nuen. 13 urte nituen garai hartan, eta geroztik, atezain izan naiz.
Realak fitxatu zintuenean hasi zinen pentsatzen zure etorkizuna futbolari lotuta egon zitekeela?
6 urte nituela galdetu bazenit zer izan nahi nuen handitan, futbolaria esango nuke, baina ez zitzaidan erreala iruditzen, ez nekielako futbolean arituta bizi nintekeenik.
Realera iristean, egiazkoagoa bihurtu zen aukera hori, baina uste dut une horretan ere ez nuela pentsatu futbola izango nuela ogibide. Horregatik ikasi nuen —Fisioterapia egin zuen lehenik, eta ondoren kirol kudeaketari lotutako ikasketak—. Azkenean, ordea, futbolari esker bizi izan naiz orain arte.
Bartzelonara, hain zuzen ere, ikastera joan zinen, eta Barçak fitxatu zintuen. Nolakoa izan zen taldean jokatzea?
Oso polita. 18 urterekin hara iritsi nintzenean urtebete zeraman taldeak Superligan —gaur egun, lehen maila—, Nazional Mailatik igotzea lortu ondoren. Proiektu baten hasiera zen eta aukera izan nuen hazten ikusteko.
Lehenengo denboraldian, Kataluniako Kopa irabazi genuen; bigarrenean, Erreginaren Kopa, eta hirugarrenean, Liga. Ibilbide hori bizitzea oso berezia izan zen. Eta liga hori beti izango dut gogoan. Txikitatik amesten nuen Superliga borrokatzearekin, baina ez nuen espero irabaztea lortu nezakeenik.
Ondoren Amerikako Estatu Batuetara joan zinen. Zer daramazu bertatik?
Ikasketa izugarria izan zen. Unibertsitate liga da hangoa, eta estutu egiten zaituzte. Entrenamenduak oso gogorrak dira, goizeko seietan. Udaberrian partidarik ez badago ere, denboraldi-aurrea egiten da, sei hilabetekoa. Gainera, eskola pila hartu behar izaten dira eta, nire kasuan, besteek baino denbora gutxiago nuen dena aurrera ateratzeko. Dena den, AEBetan asko estutzen bagintuzten ere, pertsona gisa indartsuagoa bihurtu nintzen, baita fisikoki ere. Inoiz ez naiz sentitu han nengoenean bezain indartsu.
AEBetatik Herbehereetara joan zinen. Zergatik herrialde hori?
Unibertsitate ikasketak amaitu eta jokatzen jarraitu nahi nuela erabaki nuenean, hainbat talderi idatzi nien. Ajax atezain bila zegoen une horretan, eta, beste behin, abenturari ekin nion [barrez].
Lehenik, Ajaxen jokatu zenuen, eta ondoren, PSVn. Nolakoa izan da zure ibilbidea?
Ajaxen ere, zortea izan nuen, hasierako proiektu bat zelako, eta taldeak lehen liga irabazi nahi zuelako. Azkenean, bat ez, bi liga segidan lortu genituen ni taldean egonda.
Hala ere, hasieran, gaizki pasa nuen, besteak beste, herrialdea eta taldea berria zirelako, eta atzerritar bakarra nintzelako. Lehenengo liga irabaztea, egoerari buelta eman eta neure buruari Herbehereetara etortzea merezi izan zuela esateko modu bat izan zen.
PSVra joan nintzenean, talde etsaitik etorrita ere, oso ondo onartu ninduten. Proiektua, beste behin, taldearen lehen liga irabaztea zen. Baina arantza hori geratu zitzaidan orduan.
Zuretzat, zein izan da zure kirol ibilbideko unerik onena?
Beti diot Bartzelonarekin irabazitako liga oso berezia izan zela, baina, gogoan dut ere Realean izandako debuta. Athleticen aurka izan zen, Lezaman, eta 7-2 galdu genuen. Gure gainetik pasa zirela esan daiteke [barrez]. Baina oso une berezia izan zen niretzat; nire lehen partida lehen mailan, derbi batean, eta txikitatik miretsitako jokalarien kontra.
Eta zailena?
2014an, AEBetan nengoela, eskuineko hatz lodia hautsi nuenean. Medikuarenera joan, eta ebakuntza egin behar zidatela eta, denboraldi osoa galduko nuela esan zidanean. AEBetan jokatu nezakeen azkeneko urtea zen. Eta oso gogorra izan zen, jakin banekielako nire AEBetako futbolari ibilbidea amaitu zela.
Atezaina izateaz gehien faltan botako duzuna zer da?
Jokatzea. Askok diote taldea botako dutela faltan, eta nik badakit hori ere faltan botako dudala, baina, bereziki, jokatzea. Ni futbolean aritu naiz gozatzen dudalako, eta oso ondo pasatzen dudalako. Partida bat amaitzen denean, etxera iristean, irribarre zabal-zabala daukat, inork edo ezerk ezabatzen ez didana. Batzuetan, galduta ere izaten dut. Eta hori, orain, ez dut izango. Baina bueno, agian lagunekin jokatuko dut txapelketaren batean, gogoak apur bat baretzeko [barrez].
Futbola utzi ondoren, zein da zure asmoa hemendik aurrera?
Futbolari eta batik bat emakumeen futbolari lotutako zerbaitetan aritzea gustatuko litzaidake, handitzen jarraitu dadin. Pare bat aukera suertatu zaizkit, baina oraindik ez dakit zer egingo dudan. Ez nago kezkatuta, gustatzen zaidan zerbaitetan lan egiteko aukera izango dudalako.
Donostiara edo Realera itzultzea pentsatu duzu?
Oraingoz, ez. Donostiara joatea asko gustatzen zait eta familia faltan botatzen dut. Baina bost urte daramatzat Herbehereetan, nire bikotekidea hemen daukat eta nire bizitza hemen dago. Epe motzean ez dut planteatzen, baina batek daki.
Zein harreman duzu hiriarekin une honetan?
Donostia izugarri botatzen dut faltan. Munduko hiririk politena izanda, zer esan? [barrez]. Bizileku izan ditudan herrialde eta toki guztietan nire inguruan egon direnek dena dakite Donostiari buruz, etengabe ari bainaiz hiriaz hizketan. Urrezko Danborra eman beharko lidakete noizbait [barrez]. Etxetik joatean, askoz gehiago estimatzen duzu. Ea egoera lasaitzen den, eta aurki itzultzeko aukera dudan. Hiriaz gozatzeko gogo handia dut.
Nola bizi zenuen Realeko neskek Erreginaren Kopan lortutako garaipena?
Urduritasunez. Amsterdametik Donostiara kotxez itzultzen ari nintzen. Frantzian lo egitera geratu ginen.
Ondo gogoratzen dut jatetxe italiar batean ari ginela afaltzen, eta ni mugikorrarekin ari nintzen jarraitzen partidaren azken hogei minutuak, urduritasuna ezin lasaitu. Oso pozik nengoen.
Badakit zer den Kopa irabaztea; ilusio eta zirrara handia sentitzen duzu. Liga bat irabaztea ohore handia da, baina final bat irabaztea, ikusgarria da. Ikusita duela hamar urte jendeak Realarengan zuen konfiantza falta, taularen erdialdean zegoen talde bat baitzen, orain tituluak irabazi eta handitzen ikustea oso pozgarria da.
Nola ikusten duzu taldea?
Oso ondo, gero eta hobeto. Joan den urtean ez ziren hain ondo hasi, baina apurka hobetzen joan ziren. Ikusten da azkeneko urteetan talde handitako jokalariak fitxatu dituztela. Ea hazten jarraitu dezakeen eta titulu asko irabazten.
Emakumeen futbola gero eta garrantzitsuagoa da, eta Espainiako estatuan, hitzarmena borrokatzen aritu ondoren, lortu dute adostasun batetara iristea. Kanpotik ikusita, nola bizi duzu?
Ahal heinean jarraitzen saiatu naiz, taldekide ohiekin hitz egiten, prentsaurreko eta bilerak ere jarraitzen, baina zaila egin zait. Gainera, aldi berean, geure lan hitzarmenarekin ari ginen Herbehereetan. Espero dut hitzarmena emakumeen futbola profesional bihurtzeko beste pauso bat izatea eta klubek ere gauzak serio hartzea.
Koronabirusa dela eta bizi dugun egoerak atzerapauso bat bultza dezakeela uste duzu?
Espero dut ezetz. Denok dakigu ekonomiarentzat kolpe izugarria izan dela hau. Baldintzak betetzeko zailtasunak zituzten klubak bazeuden, orain zailagoa izango da. Espero dut bideak topatzea, baina egoera ikusita, batek daki.
Azkenik, Reala eta Athleticeko mutilek jokatu behar duten Erregearen Koparen finalari dagokionez, ikusleekin jokatuko dela uste duzu?
Ez dakit. Realak eta Athleticek eskatu dute ikusleekin izatea eta Federazioa bat dator, baina auskalo. Une honetan, inor arriskuan ez jartzea da garrantzitsuena baita zentzuz jokatzea ere. Unea iristean, zaleekin jokatzea guztiz segurua bada, oso ondo iruditzen zait hala egitea. Baina ez bada segurua, ez zait iruditzen zaleak egonda jokatu behar denik.