"Saltzeko modu berri batera ohitu behar zara"
Eskulanen Etxea maiatzaren 11n ireki zuten berriz. Segurtasun neurriak direla eta, lan egiteko modua aldatu egin da Ines Matxiarena eta bere ahizpentzat. Egoera berriak abantailak eta desabantailak dituela uste du.
Nolakoa izan da itxialditik lanera itzultzea?
Langile moduan, gogorra. Bi hilabete lan egin gabe egon ondoren, galduta sentitu gara. Bestalde, saltzeko modu berri batera ohitu behar duzu. Erosoa da, nolabait, gehienez hiru bezero sar daitezkeelako aldi berean; bat saltzaile bakoitzeko, eta gainontzekoek kanpoan itxaroten dutelako. Denda honen ezaugarrietako bat da, hain zuzen ere, denbora dezente pasatzen duzula bezero bakoitzarekin, aukeratu eta begiratu egin behar duelako, besteak beste.
Baina aldi berean, esfortzu gehigarri bat eskatzen du egoera honetan, arreta handia jarri behar duzulako materiala uki ez dezaten, eta ukitutakoa alkoholarekin garbitzeko. Horrez gain,bezero asko, erostera baino gehiago, mimoen eske datoz, eta hori egoera honetan kudeatzea zaila izango da.
Egun hauetan, dendako kanpoaldean, ilara luzeak ikusi dira eguneko zenbait ordutan. Jende gehiago dator erostera ala lan egiteko moduagatik sortzen dira ilarak?
Lan egiteko modua da, argi eta garbi, ez dator jende gehiago. Gutxiago ere ez; kopuru berdintsua etorri dela esango nuke. Dena den, denda kanpoan ilara izatea espero genuen, hau guztia gertatu aurretik saltoki barruan jende asko pilatzen zelako. Egia da emakume asko josten aritu direla itxialdian, etxean zeukaten materiala aprobetxatuz, eta artile berriak edo bukatutako hariak, gomak eta abar erosteko gogoa zutela nabaritu da. Azken batean, gure bezero gehienak adineko pertsonak dira, eta ez dute Internet bitartez erosten. Ireki genuen lehen egunean, asko nabaritu zen hori. 130 bat emakume etorri ziren egun hartan material bila. Dena den, baretzen joan da. Asteartean 100 bat etorriko ziren, eta ondorengo egunetan 80 bat egun bakoitzean.
Nortzuk ari zarete lanean?
Hiru ahizpak itzuli gara lanera momentuz, egoerari apurka-apurka buelta emateko. Bi hilabete diru-sarrerarik jaso gabe gaudenetik; normaltasunera itzultzeko denbora beharko dugu. Horregatik erabaki genuen ordutegia aldatzea, ordu kopurua kontzentratuz, ondoren etxera deskantsatzera joateko aukera izateko.
Zer ari zarete saltzen batik bat?
Gomak, josteko hariak, kotoizko puntua eta trikota egiteko materiala, zeharkako oihalak eta kremailerak ari gara saltzen batik bat. Alegia, josten aritzen den pertsona batek bere egunerokotasunean behar dituen oinarrizko gaiak. Dendako beste material batzuk ez dira saldu, baina gauza bereziagoak dira. Jostontziak, adibidez.
Telefono bidez eskaerak jasotzen ari zarete?
Baten bat bai, baina asko jota halako hamar bat jaso ditugu egunean.
Sorpresarik izan duzue espero baino gehiago saltzen ari zareten produkturen batekin?
Sorpresa handia izan da jende asko maskarak egiten ari dela ikustea. Berrerabili daitezkenak nahi dituzte zenbaitek, azken batean, kirurgikoak edo FFP2ak bota egin behar direlako. Horregatik ere saltzen ari gara hainbeste goma. Are gehiago, goma gabe gelditu gara. Eta eskaera egin badugu ere, biltegian ere amaitu zaie. Ziurrenik, oro har, goma da gehien saltzen ari den joskintza produktua.
Gomaz gain, material gehiago eskatzeko beharra duzue orain?
Bai, baina nabari da mertzeriari lotutako eskaerak dendara iristeko denbora gehiago behar dela. Azken batean, hornitzaileak ere geldirik egon dira eta, martxan jartzeko denbora behar dutelako. Dena den, adibidez, udako jertseak egiteko kotoiak eskatu ditugu, eta horiek bai, datorren asterako iritsiko direla uste dugu.
Itxialdian denda itxita bazegoen ere, laguntza eskatzeko idatzi dizuete hainbat bezerok. Zein motatako kontsultak izan dira?
Adibidez, jertse bat nola egin eta nola jarraitu dezaketen galdetu digute, baita lanean ari ginen galdetzeko ere. Eta, noski, ez ginen lanean ari, ez baikara funtsezkoak, nahiz eta adineko pertsona askorentzat bagaren.
Egia da denda ireki baino bi aste lehenago materiala etxeetara bidaltzen hasi ginela, betiere zerbait zehatza eskatzen baziguten. Kontua da dendara etorri ohi diren bezero asko aholku bila datozela –zein kolore erabili, nola nahastu edo zein loditasun behar duten–, eta hori Internet edo Whatsapp bitartez eskaintzea oso zaila da.
Orain dendara etortzen ari direnak ohiko bezeroak dira?
Gehienak, bai. Hala ere, gure bezero nagusiak Gipuzkoa osokoak dira, ez hainbeste Donostiakoak, eta hori nabaritu dugu. Faltan botatzen ditugu. Telefonoz deitu dute, eta baten bati bidalketak egin dizkiogu. Orain euren herriko dendetara joko dute ziurrenik, eta hori berri ona da, baina faltan botatzen ditugu.
Ikastaroak ere egin ohi dituzue. Horiekin zer egingo duzuen pentsatu duzue?
Momentuz, ez, eta ez da erraza izango. Normalean, puntuko ikastaroa eta kakorratz ikastaroa egin ohi ditugu. Kakorratz ikastaroa gure adineko pertsona batek gidatzen du, eta binaka berreskuratzeko aukera izan dezakegu agian. Baina puntuko ikastaroa geure amak eta bere lagun batek gidatzen dute, eta 80 urte inguru dituzte biek. Are gehiago, ikastarora etortzen direnak ere adineko emakumeak dira, eta askok kontaktua behar dute. Beraz, horretan ezin gara arriskatu.
Datozen asteetan salmentak baretuko direla aurreikusten duzue?
Bai. Zalantzarik gabe. Gainera, hasiera- hasieratik nabaritu dugu egunetik egunera jaisten joan dela. Eta, gainera, eguraldiak ere eragingo du. Azken batean, uda gerturatzen ari da. Jendeak kalean egoteko erabili nahiko du denbora, ez josteko.