Parte hartzeak nabarmen egin du behera arratsaldeko datuen arabera
Txomiñeneko auzotarrek Loiolako kultur etxean dute hauteslekua, beraien auzoan oraindik ez dutelako propiorik. Horrela, dagoeneko Txomin berrian bizi eta erroldatu direnek ere Loiolan eman beharko dute botoa.
Parte hartzea %8,36 jaitsi da 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeekin alderatuta. Arratsaldeko bostetako datuen arabera, %36,02k eman du botoa EAEn, duela lau urteko hauteskundeetan, arratsaldeko parte hartzea %44,38 izan zen bitartean. Gipuzkoan ia zortzi puntu egin du behera parte hartzeak, %36,67k eman baitu botoa 17:00etarako (2016an, %44,46 zen Gipuzkoako parte hartzea arratsaldean).
Parte hartzeak goizetik egin du bera Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, 12:00etako parte hartzea 2016ko hauteskunde eguneko goizekoa baino %1,26 baxuagoa baitzen. Datu horien arabera, goizean %14,14k eman du botoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Parte hartzeak behera egin du Gipuzkoan ere, ia %2 (%15,48; 2016an %17,53).
Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 147.515 donostiarrek dute parte hartzeko aukera, otsailaren 27an itxitako hautesle zerrendaren arabera. Hautesleak 144 sekziotan daude banatuta, 38 hauteslekutan jarriko diren 185 mahaitan. Hauteslekuak eta mahaiak hemen kontsulta daitezke.
9:00etatik 20:00etara bitarte eman ahal izango da botoa. Osasun protokoloa betetzeko, hautesleak maskara erabili beharko du presentzialki bozkatzeko, eta NAN, pasaporte zein gidabaimena erakutsi beharko du.
COVID-19aren eraginez, osasun protokolo zehatzak ezarri dira hauteskundeak aurrera eramateko. Hori dela eta, hauteskunde mahai batzuen kokapena aldatu da Antiguan, Erdialdean eta Egian. Zuzenbide Fakultateko hamar mahaiak Ignacio Maria Barriola Zentroa-Gelategira (Elhuyar plaza, 1) aldatu dira. Urbieta Ikastetxe Publikoko bi mahai, Arroka plazako Udalinfo bulegora. Eta azkenik, Musika eta Dantza eskolako hiru mahai Dantza eskolara (Nestor Basterretxea plaza, 3).