Donostiatruk azoka Easo plazara itzuliko da, eta Europako Hondakinen Prebentzioaren Astean parte hartuko du
Asteotan Altzan eta Intxaurrondon izan ondoren, Donostiatruk bigarren eskuko objektuen azoka Easo plazan egingo dute larunbatean, hilaren 21ean, 10:00etatik 14:00etara. Bere jatorrizko lekua da Amarako Easo plaza, baina Donostiako Udala azoka auzoz auzo eramaten ari da. Hala ere, asteburu honetan Amarara itzuliko da, Europako Hondakinen Prebentzioaren Astearen hasierarekin bat eginez; hilaren 29ra arte izango da aste hori.
Betiko moduan, bigarren eskuko arropa, jostailuak, liburuak, eta bestelako objektuak erosi ahal izango dira postuetan. Hala ere, koronabirusa dela eta, segurtasun neurri batzuk errespetatu beharko dira. Besteak beste, postu gutxiago izango dira eta ezingo da arropa probatu ezta objektuak erosi aurretik ukitu ere. Bestalde, erositako objektuak bigarren eskukoak izango direnez, desinfektatu egin edo berrogeialdian utzi beharko dira. Azokan postua jarri ahal izateko, ingurumena@donostia.eus helbidera idatzi edo 943-48 33 90 telefono zenbakira deitu behar da; izen-emate epea azokaren eguna baino astebete lehenago bukatzen da, eta zozketa bidez hautatzen dituzte postuak. Hala ere, saltzeko objektuak izanez gero, postuetan utzi daitezke azokaren egunean bertan, 9:30etik 10:00etara, eta azoka bukatzean diruaren bila edo saldu gabeko objektuen bila pasa behar da. Era berean, herritarrek bigarren eskuko objektuak saldu eta erosi ditzakete udalaren webguneko Hiria atalean.
Datozen asteetan azoka auzo batetik bestera mugitzen jarraituko da: abenduaren 5ean Antiguako Julio Caro Baroja plazan izango da, eta abenduaren 19an Easo plazara itzuliko da, Elkarteen Elkartasun azoka berezia egiteko.