Abenduko Programazioa
Kresala zineklubak Abendurako prestatu dituen saioei buruzko informazioa
Iritsi da urte arraro honen azken hilabetea, eta horrekin batera Kresala zineklubean konpartitu ahal izango ditugun aurtengo uztako azken aleak.
Abenduko zubian deskantsatu ondoren hilak 15-ean “Josep” filmaren estreinaldia izango dugu, pelikulak Josep Bartolí pintorearen bizitzara gerturatuko gaitu errefuxiatu eremuan lan egiten zuen jendarme baten begiradaren bitartez. Zuzendaria frantziako Le Monde egunkariko Aurel karikatugilea da. Filma onek igaro berri den Valladolid-eko zinemaldian zuzendaritza onenaren saria jaso berri du ex-aequo.
Hurrengo egunean VII. Kresala saria izango dugu, azken urteetan bezala Antzoki zaharrera egingo dugu salto ospakizun honetarako. Bertan gozatu ahal izango dugun filma Mane Cisnerosek, aurtengo saridunak, aukeratutako “Mother, I am suffocating. This is my last film about you”. Filmaren zuzendariak Lesotho-tik Berlinera egin behar izan zuen bidaian oinarritutako dokumentala da.
Gabonen atarian Abenduaren 22an “Saint Frances” komedia indie estatubatuarra izango dugu. Bertan Bridget 34 urteko emakumea eta bere zaintzapean dagoen Frances 6 urteko neskatoaren arteko erlazioan murgiltzen goazen heinean gur musukoen azpian irribarreak marraztuko dira.
Urteko azken saioa oso berezia izango da zinemagintzako maisu handi bat omenduko dugulako bere jaiotzaren 100. urteurrenean, Federico Fellini. “Il bidone” filmaz gozatu ahal izango dugu Juan Berasategik gidatuko duen abenduak 29ko saioan.
Gogorarazi nahi dizuegu saioen ordutegia astez aste argitzen joango garela, adi egon sare sozial eta webguneari, hala ere azken berriak zure mugikorrean edo emailean jaso nahi badituzu bidali mezu bat info@kresalazinekluba.com helbidera edo komentatu saioren batean kideren bati.