Istiluak eta atxiloketak izan ziren iragan larunbatean eta astehenean Parte Zaharrean. Hainbat ertzain Trinitate plazan zeuden 40 bat gazte identifikatzen saiatu zirenean sortu zen iskanbila. Gazte Asanbladak ertzainen jokabidea gaitzetsi eta «gogor oldartu» zirela esan du.

Bi bertsio daude Parte Zaharreko azken istiluen inguruan. Ertzaintzaren eta hainbat komunikabideren arabera, kale zurrutarekin dute lotura istiluek. Hilaren 12an Trinitate plazan hainbat gazte identifikatzen saiatu ziren ertzainak, eta horri uko egiteagatik istiluak sortu ziren. Konstituzio plazan hainbat gazte identifikatu eta pertsona bat atxilotu zuten. Gertatutakoa salatzeko, Parte Zaharreko Gazte Asanbladak agerraldia egin zuen astelehenean. Ertzaintzaren bertsioa ukatu, eta beraien «jokabide oldarkorra» salatu zuten: «Oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, Trinititate plazan ginen gazte guztiak identifikatu eta miatuko gintuztela agindu ziguten, isuna jartzeko asmotan. Jarrera onartezin horren aurrean eta identifikatzeko arrazoirik ez zutelako, plazatik irteten hasi ginen. Haiek egoera hori ikusterakoan, gogor oldartu ziren gure aurka, jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen, errefortzuak eskatzen zituzten bitartean. Argi diogu: ez zegoen jende pilaketarik ezta kale zurrutarik, eta ez genuen polizien kontra egin».
Gertaturikoa salatzeko manifestazio bat egin zuten astelehen iluntzean Auzoak defendatu! Errepresioari ez! lelopean, eta 400 gazte inguruk parte hartu zuten. Manifestazioa bukatzean, Ertzaintza Narrika kalean azaldu zen eta istiluak izan ziren. Bi gazte atxilotu zituzten. «Manifestazioa bukatuta zegoela, polizia auzoko gazte bat atxilotzen saiatu zen. Egoera horren aurrean, manifestariak gaztea babestera gerturatu ginen. Momentu horretarako ertzainek posizioak hartu zituzten, kargatzeko prest. Hori dela eta, gazteak defendatzeko hautua egin eta orduan hasi ziren kargak eta istiluak. 22:00etarako jendea bere etxera bueltatu zen, baina poliziak auzoa militarizatu zuen ordu luzez».
Asteartean komunikatu bat plazaratu zuen Gazte Asanbladak bi egunetan gertaturikoaren inguruan. «Komunikabideen manipulazioaren aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu hau plazaratzea. Larunbatean zer gertatu zen argi dago. Han geunden guztiok dakigu ez zegoela kale zurrutarik; auzoko gazteak, haurrak eta gurasoak geundela Trinitate plazan jolasten eta denbora pasatzen». Istiluak ertzainak agertzean sortu zirela diote: «Arrazoirik gabe eta inpunitate osoz, jendea jipoitzen hasi ziren».
Bi egunetako istiluek «poliziak duen inpunitatea» berresten duela nabarmendu du Gazte Asanbladak: «Alarma egoeraren aitzakipean indarkeria poliziala izugarri hazi da, osasunaren izenean eskubide zibil eta politiko guztiak urratuz. Jarrera hauekin batera, manipulazio mediatikoaren funtzioa azpimarragarria da». Horrekin batera, Parte Zaharreko gazteak «kriminalizatzen» ari direla salatu dute. «Gazteria kriminalizatzeak, agintari politiko, instituzional eta ekonomikoen arduragabekeria ezkutatzea du helburu. Haiek dira bizi dugun egoeraren eta pandemiaren bilakaeraren erantzuleak».
«Gertakari ulertezinak»
Eneko Goia alkateak Parte Zaharrean izandako istiluen inguruan hitz egin zuen asteartean. «Ez dira gertakari atseginak», azpimarratu zuen, eta indarrean dauden osasun neurriekin «ulertezinak» iruditzen zaizkiola gaineratu. Pandemia egoeran ezarritako neurriekin herritarrek «betebeharrak» dituztela gogoratu, eta duela gutxi gertaturiko beste kasu bat aipatu zuen: «Sagues itxi egin behar izan genuen jende asko metatzen zelako. Erabakiak ez zuen kontrako jarrerarik izan».