Zaldibarko industria hondakinak Zubietan erre nahi dituztela salatu du GuraSOSek
Arantxa Tapia buru den Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburuak baimena eman zuen Zubietako erraustegian Zaldibar helburu izan beharko luketen industria hondakinak erretzeko, eta GuraSOS elkarteak baimen horren aurkako errekurtsoa jarri du. Elkarte honen esanetan, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) hiri hondakinak bakarrik kudeatzeko administrazio erakundea da, eta ez du bestelako hondakinik erretzeko eskumenik.
Udal hondakinak etxeetatik, kaleko zaborretatik, saltoki txikietatik, administraziotik, hezkuntza sektoretik, osasun sistematik eta ostalaritzatik datozen hondakinak direla adierazi du GuraSOSek, eta gehitu du industrialgune handietako hondakinek ez dutela lekurik hor: “baztertuta daude ekoizpenaren, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak, eta hobi septikoak, estolderia-sarea eta tratamendu-plantak, eta halaber bizitza erabilgarriaren amaieran dauden ibilgailuak ere”.
Bestalde, adierazi dute saltoki handietan eta industrialguneetan produkzioarekin eta salmentarekin lotutako hondakin organikoak ezin direla etxeetan sortzen direnekin alderatu, ez baitira “pareko kontsumoan” sortu. Hala ere, lantegietako eta saltokietako langileek jangeletan sortutako hondakinak hiri hondakinetan sartzen direla diote, ez direlako ekoizpen eta salmenta prozesuetan sortu. Ekoizpen prozesuan sortutako hondakinen artean plastiko asko dagoela gehitu dute, eta plastikoen presentziaren igoera honek zabortegiak duen “karbonoaren inpaktua igo egingo da”
Zubietako erraustegiaren baimena
GuraSOSek adierazi du Zubietako erraustegiak hiri hondakinak erretzeko baimena besterik ez duela, GHKk kudeatzen duelako eta erakunde honek hiri hondakinen gain bakarrik baitu eskumena: “Baimendutako instalazioa udal hondakinak tratatzera eta aprobetxatzera dago mugatua legez, GHK zerbitzu publiko horren titularra baita”. Hala, industria hondakinak erre ahal izateko, Ingurumen Baimen Bateratuan (IBB) “funtsezko aldaketa” egin behar dute, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia behar dute horretarako.
Hau da GuraSOSek aldaketa hau “funtsezkotzat” jotzeko duen arrazoia: “aldaketa funtsezkotzat joko da aldaketak isurketak eraldatzen edo handitzen dituenean, kutsatzaile berriak kopuru esanguratsuetan sartzen direnean, edota prozesuan substantzia edo prestakin arriskutsuak sartzen direnean, edo hondakin arriskutsuen sorrera areagotzen denean”.