Donostiako 2.600 bizilagunek 70 dezibeliotik gorako kutsadura akustikoa jasaten dute
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 870.000 biztanlek baino gehiagok (biztanleria osoaren %39,94) gehiegizko kutsadura akustikoa jasaten zuten 2019an; Donostiako 2.600 biztanle zeuden egoera okerrenean, 70 dezibeliotik gorako kutsadura akustikoa pairatzen. Hori da Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailak argitaratutako txosten baten ondorioetako bat. Hain zuzen, zirkulazioak herritarrengan duen eragina aztertu dute, kutsadura akustikoa eta ibilgailuen emisio kutsakorrak aintzat hartuta. 2019an 10.000 biztanletik gorako udalerrietan bildutako datuak dira argitaratu dituztenak.
Txostenaren arabera, ibilgailuen zirkulazioak (errepideetakoak, trenenak, hegazkinenak edo itsasontzienak) gehiegizko kutsadura akustikoa sortzen du zaratak 55 dezibelioak gainditzen dituenean. Hain zuzen, zarata maila hori etxebizitza batean une oro telebista bat bolumen normal batean piztuta izatea bezalakoa izango litzateke. Horrela, Gipuzkoan 301.885 pertsona zeuden egoera horretan 2019an. Kaltetutako pertsona gehienak Bizkaian zeuden (419.126); Araban 149.826 pertsona zeuden egoera horretan. Donostian, 43.500 lagunek pairatzen zuten 2019an 55 eta 59 dezibelio arteko kutsadura akustikoa, 37.300ek 60 eta 64 dezibelio artekoa, 20.000k 65 eta 69 dezibelio artekoa eta 2.600 zeuden egoera okerrenean, 70 eta 74 dezibelio arteko kutsadura akustikoa pairatzen; ez zuen inork pairatzen 75 dezibeliotik gorako kutsadura akustikoa. Hiriko erdigunean zirkulazioa gutxitzeko, udalak Datorren Donostia plana aurkeztu zuen joan den astean.
Hiriburuei erreparatuta, Bilbon 20.000 bizilagun ari ziren 2019an 70 dezibeliotik gorako kutsadura akustikoa, eta Gasteizen 4.100.
Kutsadura atmosferikoa
Ikerketaren arabera, zirkulazioaren emisio kutsakorrek 800 bizitza urte galtzea eragin zuten 2019an EAEko hiriguneetan, baita urtean bronkitis kronikoaren 118 kasu, arnas sistemako edo bihotzeko arazoengatik 214 ospitaleratze, bronkodilatzaileen edo bestelako medikamentuen 6.140 errezeta eta 22.000 eztula egun eragin ere. Era berean, emisio kutsakorrek hiriguneetan 163 milioi euroko eragin ekonomikoa izan dutela ondorioztatu du txostenak.
Ategorrietan eta Bilboko Mazarredo zumardian jarritako neurgailu batzuetatik hartu dituzte datuetako batzuk, eta ondorioztatu dute 2004an —antzeko beste neurketa bat egin zenean— baino kostu gutxiago eragin dituela kutsadurak.
Bestalde, ibilgailuen pilaketek 210 milioi euroko gainkostuak sortzen dituztela ondorioztatu du txostenak, eta EAEko hiru hiriburuez gain, honakoak dira pilaketa gehien jasaten dituzten zonak: Donostia eta Bilbo lotzen dituen A-8 autobidea, Donostia eta Gasteiz lotzen dituen N-I errepidea, Donostiatik Iparraldera doan errepide zatia eta Bilbo Kantabriarekin lotzen duena. Auto pilaketek istripuak eragiten dituzte sarritan, eta, ildo horretatik, ikerketaren arabera, istripuen artatzeek sortutako kostuak —osasungintzako langileen kostuak aintzat hartuta— 544 milioi eurokoak izan ziren 2019an, txirrindularien istripuak ere kontuan izanda. Datu adierazgarria da, Osakidetzaren aurrekontu osoa 3.333 milioi eurokoa baita.