MUBIL eraikitzeko lanak abiarazi dituzte Zubietan
Markel Olano diputatu nagusiak Donostiako Eskuzaitzeta poligonoan iragarri du mugikortasuneko zentroaren obren hasiera, 14,2 milioi euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko iraupenarekin.

MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obrak abiarazi dituzte Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean. Aurrekontua, 14,2 milioi eurokoa da eta obrek 15 hilabeteko iraupena izango dute. Agintariek diotenez, “Europan teknologikoki punta-puntakoa” den azpiegitura eraikitzeko lanak hasi dira, “euskal industriaren eraldaketa bultzatu eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatu nahi dituena”.
Eraikin horretan hiru teknologia laborategi egongo dira, etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak testatzeko. energia biltegiratzea, Power Train eta Hidrogenozko erregaia. Horri esker, lurraldeak azpiegitura teknologiko “diferentziala eta oso aurreratua” izango duela adierazi dute.
Zubietan bertan, hitz horiekin iragarri du obren hasiera Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, atzo goizean eskainitako prentsaurrekoan. Diputatu nagusiarekin egon dira Ane Insausti, MUBILeko zuzendaria; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko diputatua, eta Ana Camacho, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia Trantsiziorako zuzendaria.
Moyua eta Amenabar enpresak izango dira eraikuntza lanak egingo dituztenak eta obrak datorren urtearen amaierarako bukatuta egotea aurreikusten da, eta, ondoren, laborategiak instalatuko dira. Beraz, MUBILen zerbitzuak erabat martxan egongo dira Zubietan 2024. urtean.
Etorkizuna Eraikizetik sortutako proiektua
Diputatu nagusiak adierazi duenez, MUBIL “errealitate sendoa” da gaur egun; izan ere, hasierako egoitza martxan jarriz geroztik, “ekintzailetza, lankidetza eta berrikuntza” sustatzen ari da Gipuzkoan eta Euskadin, zehazki, automozioaren eta mugikortasun jasangarriaren arloko enpresek, zentro teknologikoek eta unibertsitateek, besteak beste, osatutako ekosistema baten barruan.
Olanok adierazi duenez, eraikin hau baliagarri izango da Gipuzkoan eta “Euskadi osoan” mugikortasun adimendun eta jasangarriaren sektorea babestu eta bultzatzeko. “Eraldaketarako eta lankidetzarako motorra izango da mugikortasunarekin eta automobilgintzarekin lotutako industriarentzako, bereziki arlo horretan lan egiten duten ETE industrialentzako”, nabarmendu du.
Eneko Goiak adierazi du MUBILen egoitza berriak “hiriak eta lurraldeak industria adimenduaren alde egiten dugun apustua” islatzen duela, baita industriaren etorkizuneko ibilbide orriaren parte izateko dugun borondatearen adierazle ere. Goiak azaldu duenez, Donostiako Udalak 27 milioi euro inbertitu ditu orain arte Eskuzaitzetako industrialdean. Mugikortasun Berriko poloa bertan egoteak erakusten du, alkatearen ustez, “hiriak jarduera industriala bere lurraldean egonkortzeko egiten duen apustua”. Donostia “lurralde industrial baten” hiriburu da, Goiaren esanetan, eta zerbitzu aurreratuen bitartez hari babesa emateko funtzioa betetzen du, hirian errotuta dauden ikerlari eta goi mailako langileen bitartez.
Punta-puntako instalazioak, Mugikortasun Berriko Poloa garatzeko
Guztira, MUBILen Eskuzaitzetako egoitzak ia 10.000 metro koadroko espazioa izango du. Eraikin nagusiak 4.900 metro koadro izango ditu, lehenengo laborategiak –energia biltegiratzea– 2.200 metro koadro, eta bigarren eta hirugarren laborategiek –Power Train eta Hidrogenozko erregai pila– 2.500 metro koadro guztira. Gainera, industrialde berean, MUBIL zentroaren egoitzaren inguruan, Aldundiak 38.326,6 metro koadroko partzela bat erosi dio Donostiako Udalari, mugikortasun berriaren garapenarekin lotutako enpresak jartzeko. Espazio hori, beraz, Mugikortasun Berriko Poloa sortzera bideratuko da, mugikortasun jasangarriari lotutako proiektu berritzaileak eta jarduera ekonomiko berria erakartzeko lurraldera.