Dultzaineroen topaketa egingo dute Fernando Bermejoren omenez
Pandemia garaian zendu zen Fernando Bermejo Amara Berriko dultzaineroaren omenezko dultzaineroen topaketa egingo dute azaroaren 19an. Ikasbide kultur elkarteak antolatuta, Bermejorekin harremana izan zuten guztiak elkartzea da helburua. Amara, Bidebieta, Pasaia, Oiartzun, Hernani eta Oliteko (Nafarroa) dultzaineroak elkartuko dira.
Egitarau zabala prestatu dute egun horretarako. 11:00etan, Ikasbide elkartean ongietorria egingo diete dultzaineroei. Jarraian, 11:30ean, dultzainariek kalejira abiatuko dute Ikasbidetik Bermejoren etxera (J.M. Salaberria kalean). 12:00etan, Bermejoren etxe ondoko plazan talde bakoitzak pieza bana joko du, eta bere familiarekin egoteko aukera izango dute. 12:30ean, kalejiran Ikasbide elkartera itzuliko dira dultzainariak.
Ikasbiden talde bakoitzak beste abesti bat joko du, eta 14:00etan, bazkaria egingo dute elkarrekin, elkartean bertan.