Garraio publikoaren deskontuak, ezbaian
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak erabaki du garraio publikoaren %50eko deskontua 2023an ere aplikatzea. Horrek EAJren eta PSE-EEren arteko talka eragin du.
Polemika piztu du Gipuzkoako garraio publikoaren %50eko deskontua 2023an mantentzeko erabakiak. Batez ere, Eneko Goia alkateak erabaki horren inguruan egindako adierazpenengatik. Lehenik, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, eta, bigarrenik, pasa den astean udaletxean egindako agerraldi batean.
«Ez naiz esaten ari deskontuen sistema luzatzearen aurka dagoenik udala. Horrelako erabaki bat hartzeko aurretik horren finantzaketa argitu behar dela diot. Nire lana azken hilabete honetan, hainbat erakunderekin eta garraio diputatuarekin horri buruz hitz egitea izan da. Udalak honen inguruan ez duela ezer esan, ez da egia. Arduradunak badakizki gure kezkak eta proposamenak. Eta ez dira aintzat hartu», azaldu zuen Goiak.
Horrekin batera, hausnarketa bat plazaratu zuen alkateak: «Ni Mugiko erabiltzailea naiz. Asko erabiltzen dut. Nire soldata zein den ezaguna da, egunkarietan ateratzen da. Zentzuzkoa da erabaki hau donostiarrek ordaindu behar badute, nik egiten dudan erabileraren defizitaren gehigarri hori ordaindu behar izatea? Hau denentzat izan behar du edo behar dutenentzat?».
Mugi anonimoari ere egin zion erreferentzia: «Mugi anonimoen erabiltzaileak ez dira ohikoak, eta Donostiaren kasuan erabiltzaile batzuk turistak dira. Zentzuzkoa da turista baten mugi anonimoa donostiarrek ordaindu behar izatea? Hori ez da progresista izatea, baizik eta behar gehien duenari laguntzea».
Tarifen inguruko batzordea
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Tarifak Integratzeko Batzordea egin zuen pasa den astean. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat Gipuzkoako hainbat udalek parte hartu zuten; sozialistek gobernatzen dituzten Irungo, Eibarko eta Lasarte-Oriako udalek, EH Bilduren esku dauden Errenteriako, Oñatiko, Oiartzungo eta Hernaniko udalek, eta EAJk gidatzen duen Zarauzko Udalak. Ordea, jeltzaleek kudeatzen dituzten beste hiruk ez zuten parte hartu: Donostiako, Tolosako eta Arrasateko udalek. Hain zuzen ere, hiru udalerri horietako udalak ez daude ados harturiko erabakiarekin.
PSE-EE era «desleialean» jokatzen ari dela esan zuen Goiak, eta hori ez dela berria. «Aldundiak, garraioaren arloan behintzat, Donostiaren aurka egiten du», nabarmendu zuen. Marisol Garmendia Donostiako sozialisten bozeramaileak alkatearen kritikei erantzun zien: «Donostiako Sozialistak leialak gara Goiak Pedro Sanchezen gobernu sozialistarekin akordioak lortzen dituenean kuartelen gaian edo interes orokorreko beste gai batzuetan, eta ez dugu ulertzen alkateak Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin berdin ez jokatzea garraioko beherapenei buruzko akordioarekin».
«Ez dira onargarriak»
EH Bilduk Goiaren hitzak arbuiatu zituen ohar baten bidez: «Ez dira onargarriak». Beraien ustez, ezinbestekoa da garraio publikoaren erabilera sustatzea, «are gehiago krisi ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan, prezioak etengabe gora egiten jarraitzen dutenean». Horrek ere Donostiako Udal Gobernuarentzat lehentasuna izan beharko lukeela diote, «eta 2023ko aurrekontuan islatuta egon beharko luke».
EH Bilduk gogoratu du Eusko Legebiltzarrak pasa den astean aho batez onartu zuela 2023rako %50eko deskontuak luzatzea garraio publikoan, prezioen igoera orokorrak familia ekonomietan duen eraginari aurre egiteko neurri gisa. Horrekin batera, deskontuak eragingo lukeen kostuaren inguruan Jaurlaritzak esandakoa gogora ekarri dute: «Arriola sailburuak duela gutxi erantzun zuen, EH Bilduren galdera bati emandako erantzunean, neurri hori Donostian ezartzearen kostu osoa 8,5 milioi eurokoa izango litzatekeela; horietatik 6,8 milioi euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko lituzke eta 1,7 milioi euro udalak».