Martxoaren 1ean hasiko dira jaiak, Aingeru Zaindariaren Ermitan egin ohi den erromeriarekin.

Ohiko erromeria, ohiko protagonistekin. Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiak, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak izango dira Ibaetako jaien egun berezienean, erromerian. Estanga trikitilariek girotuko dute festa, trikitixaren erritmoan. Ostiralean, martxoaren 3an, bertso afaria egingo dute Maider Arregi eta Eli Pagolarekin, Lautximeneta frontoian, eta hurrengo egunean, martxoaren 4an, musika jaialdia egingo dute Olaia Inziarte, Lukiek eta Indaberen kontzertuekin. Guztira sei eguneko egitaraua prestatu du jai batzordeak.