Autoak ez pilatzeko plana izan nahi du
Udan mugikortasuna kudeatzeko plana aurkeztu du udalak. Iazko zirkulazio arazoak saihestea du helburu. Garraio publikoa indartu eta disuasio aparkalekuak hobetu dituzte, besteak beste.
Ibilgailuen pilaketa amaigabeak, autoen ilara luzeak hiriko sarreretan eta Erdialdearen erabateko kolapsoa. Iazko uda ez zen erraza izan Donostiarentzat zirkulazio arazoengatik. Metroaren lanez harago, Donostiako Udalak mugikortasunean egindako aldaketa batzuek eta bisitariek hiriaren barruraino sartu eta aparkatzeko nahiak ondorio nabariak izan zituzten. Iazkoa errepikatu ez dadin, udalak udako mugikortasuna kudeatzeko plana aurkeztu zuen pasa den astean. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eman zituen xehetasun guztiak, eta asko dira hartu dituzten neurriak, arazoak saihesteko.
Yarzak adierazi zuenez, «informazio kanalak hobetzea, trafikoa modu eraginkorragoan eta baliabide gehiagorekin arautzea, disuasio aparkaleku berriak sustatzea edo garraio publikoko sistemak hobetzea izan dira udalak datozen hilabeteetan hiriaren mugikortasuna antolatzeko landu dituen ildoak». «Donostia hiri erakargarria da arrazoi askorengatik, eta guretzat pozgarria da bisitariak gure hirira etortzea gure kulturaz, aisialdiaz edo merkataritzaz gozatzeko, baina mezu bat helarazi nahi dugu: garraiobide eraginkor eta jasangarri asko ditugu hirigunera iristeko», gaineratu zuen.
Honakoak dira udalaren gomendioak, mugikortasunari dagokionez, udara begira: garraio publikoari edo mugikortasun aktiboari lehentasuna ematea, ibilbideak planifikatzea Donostiara etorri aurretik, trafikoaren egoera kontsultatzea bidaia hasi aurretik eta disuasio aparkalekuak erabiltzea.
Aparkaleku bat gehiago
Disuasio aparkalekuei garrantzia eman die azken urteotan udalak, eta aurten ere hala egin du, aparkaleku bat gehiago gehitu baitu sarera: «Disuasio aparkaleku berri bat izango dugu unibertsitateen eremuan, EHUrekin sinatutako akordioari esker. EHUk Berio pasealekuan, autokarabanen aparkalekuaren ondoan, dagoen aparkalekuaren erabilera utziko du, uztailaren 8tik abuztuaren 25era». 200 plaza inguru ditu guneak, eta garraio publikoaren bidez dago lotuta Erdialdearekin. Bestalde, Igarako aparkalekua ere disuasio aparkaleku gisa gaitu dute, 220 plazarekin. Beriokoa eta Igarakoa doakoak izango dira, baina gehienez 24 orduz ahalko da bertan aparkatu; hori dela eta, sartzerakoan, txartela atera beharko da.
Horrez gain, azken urteotan egin duten moduan, 300 plazako Illunbeko doako aparkalekua eta hiriaren erdigunea lotzeko Dbusen zerbitzu berezia jarriko dute uztailaren 13tik irailaren 1era. Horrela, guztira, disuasio aparkalekuetan 700 plaza ditu Donostiak, eta gune horietarako sarbideak hiriko sarreretatik egongo dira seinaleztatuta.
Zirkulazioaren erregulazioa
Erdialdera ibilgailu gehien iristen diren uneetarako, zirkulazioa erregulatzea xede duen protokolo bat prestatu du udalak, iazkoarekin alderatuta, desberdintasun batzuk dituena, «garraio publikoaren arintasuna bermatzeko»: «Hala nola, Ategorrietako erregulazio puntua Kontadores eremura eramatea, eta errepideen egoera orokorraren inguruko denbora errealeko informazioa indartzea». Hiriko hainbat tokitan banatutako kameren bidez eta operatiboaren koordinatzailearen kaleko informazioaren bidez erabakiko dute noiz aplikatu protokoloa.
Garraio publikoa
Azken hilabeteotan Dbusen zerbitzuetan murrizketa ugari egin dituzte, baina udan, aldiz, Dbusek bere zerbitzuak indartu ditu, «hirian joan-etorriak modu jasangarrian egitea errazteko». Hain zuzen ere, udan zehar «zerbitzu gehigarriak» egongo dira auzoetara, azken irteeretan ordutegia luzatuko da, gautxori zerbitzu gehiago egongo dira asteburuetan eta jaiegun bezperetan, eta zerbitzu bereziak eta maiztasun handiagoak ezarriko dira ekitaldi berezietarako.
Bestalde, bizikletak aparkatzeko 216 plaza gehiago jarriko ditu udalak udan, Kontxa, Zurriola eta Ondarreta hondartzen ondoan eta Paco Yoldi kiroldegiaren ondoan.