Udalak Bentaberriko, Etxadiko eta Intxaurrondoko kiroldegiak berrituko ditu
Zehazki, kiroldegietako gimnasioetako azpiegitura berrituko dute eta lanak abuztuan zehar egingo dituzte.
Donostia Kirolak udal kiroldegietako gimnasioak berritzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du, azken urteetan gehien erabiltzen ari den kirol guneetako bat baita. Alde horretatik, dagoeneko esleitu da Bentaberri, Etxadi eta Intxaurrondo kiroldegietako gimnasioak berritzeko lizitazio publikoa. Udalak azaldu duenez, renting formulari eutsiko dio, Altzan eta Pako Yoldin egin duten moduan, emaitza onak eskaintzeaz gain, bost urtean behin gimnasioak erabat berritzeko aukera ematen baitu. Datozen 5 urteetan, 462.000 € bideratuko dira renting horretara.
Bentaberri kiroldegia
Bentaberri Udal Kiroldegiko gimnasioan, entrenamendu funtzionala eta eremu kardiobaskularra lantzeko eremuak berrituko dira. Pisu libreko eremuan zoladura berezia jarriko da eta pisu libreen aukera zabala eskainiko da, barra olinpikoak eta 2 kilogramotik 42 kilogramora bitarteko halterak barne. Gune aerobikoak, bestalde, 48 makina izango ditu; hala nola, eliptikoak, zintak, eski- simulagailua, eskailera amaigabea, eta bizikleta, besteak beste.
Etxadi kiroldegia
Etxadin gimnasioaren azalera handitu egingo da eta eremu guztiak berrituko dira: pisu librea, indar gidatuko lana, funtzionala eta kardiobaskularra. Indar gidatuko eremuan, muskulu talde guztiak lantzeko bederatzu makina berri instalatuko dira. Gune kardiobaskularrean, berriz, hemeretzi makina jarriko dira.
Intxaurrondo kiroldegia
Kiroldegi horretan ere goitik beherako zaharberritzea egingo dute. Besteak beste, pisu libreko gunea, indar gidakoa, kardiobaskularrarena eta funtzionalarena berrituko dituzte. Indar gidatuko zonaren kasuan, hamar makina jarriko dira, eta kardio eremuan, berriz, 25. Entrenamendu funtzionaleko guneak TRXa, eraztunak, eta horma bularrak izango ditu, besteak beste.