Añorga, aktore txikiz beteriko auzoa
Añorgako Amassorrain ikastolako seigarren mailakoak ez dira geldirik egon konfinamenduan, eta film bat egin dute, bakoitzak bere zatia etxean grabatuz eta gurasoen laguntzarekin.
Amassorrain ikastolako seigarren mailako haurrek antzerki bat egiten dute urtero ikasturtea bukatzeko, agur modura. Aurten, ordea, konfinamendua dela eta, ezin izan dute antzerkirik egin, baina, horren ordez, film bat egin dute: Sagarpe hotela.
Imanol Garcia seigarren mailako Euskara irakaslea antzerkiaren ordez zer egin zezaketen pentsatzen hasi zen, eta film bat egitea bururatu zitzaion. Horretarako, lehen mailako aktore baten laguntza izan dutela azaldu du: “Mikel Martinez aktoreari idatzi nion, baina proposatu zizkigun ideiak ez zitzaizkidan gustatu haurrentzat. Ondoren, Aitzpea Goenagari idatzi nion, eta hasiera batean Martinezengana bideratu baninduen ere, azkenean hotel batean gertatutako hilketa baten istorioa proposatu zidan”. “Hotelarena polita da, bakoitzak bere etxean grabatu duenez, etxe bakoitza hoteleko gela desberdin bat delako. Ideiak zirrara sortu zigun, eta azkenean ordu eta laurdeneko pieza atera zaigu”, azaldu du Marian Arizetak, haurren tutoreak.
Garciak azaldu du euskarazko ahozkotasuna eta irakurmena lantzeko helburuarekin egin dutela filma, eta gidoia eskolan bertan garatu dutela. “Internet bidez koordinatu gara haurrekin, eta gurasoek egindako lana nabarmentzekoa da”, gaineratu du irakasleak.
Filma ikasturte bukaeran aurkeztu zuten auzoko frontoian, eta Arizetak azaldu du ikasleak, gurasoak eta irakasleak “poz-pozik” gelditu direla emaitzarekin. Era berean, Garciak azpimarratu du ez dela eskolako antzerkia galdu behar, baina aurten egindako filma eta hori sortzeko egindako lan guztia hor geldituko dela, etorkizunean ere erabili ahal izateko. Sagarpe hotela ikusgai dago orain, Amassorrain ikastolaren webgunean.
Klasean baino gusturago
Irakasleentzat bezain berria izan da ikasleentzat film bat egitea etxetik eta horren denbora gutxian , eta bakoitzak bere erara antolatu ditu eskura zituen baliabideak.
Izar Olaizola, esaterako, harreragilea da filmean, eta bere zatiak etxeko egongelan grabatu dituela azaldu du: “Egongelan mahai bat daukagunez, harrera-leku moduko bat egin dut hor, ordenagailu bat jarrita”. Aner Iparragirrek, ordea, ezin izan du bere etxeko egongela erabili, logela baino ez: “Nik garbitzailearen papera egin dut, eta gela bat behar nuen horretarako. Nire etxea oso irekia da, beraz, nire gelan egin behar izan dut dena. Leku gutxi izan dut, baina nahiko ondo moldatu naiz”, kontatu du. Olatz Casuso igarlea da filmean, eta gurasoek grabaketekin asko lagundu diotela nabarmendu du.
Oskitz Arinek zortea izan du, etxean ezertarako erabiltzen ez duten gela bat baitauka, eta hor grabatu ditu bere eszenak. Era berean, bere etxeak A8-aren beste aldeko etxe baten itxura hartu du grabazio egunetan: “Nire pertsonaia Athleticekoa da, beraz, gela Athleticeko banderarekin apaindu dut”. Oihan Altunak sukaldariarena egin du, eta ondo baino hobeto etorri zaio pertsonaia hori: “Etxean baratza daukagu, beraz, hortik hartu ditut sukaldariarena egiteko produktuak”. Enara Arrankudiagak ere etxean zituen produktuak erabili ditu, baina beste era batera: “Zerbitzariaren papera egin dut, eta kafea egin behar nuenez, etxeko kafea erabili dut. Ez dakit zergatik, ordea, ez zitzaidan ondo ateratzen, eta askotan errepikatu behar izan nuen. Gurasoak ia kaferik gabe utzi nituen!”.
Bakoitzak bere erara egin du lana, baina gauza batean denak ados daude: “Ohiko klase batean baino gusturago aritu gara filma grabatzen”.