1936ko uztailaren 18a eta memoriaren ertzak
Memoria historikoa berreskuratzearen inguruan ehundutako elkarte-sareek garrantzi soziopolitiko eta kultural nabarmena duten gizarte honetan, zaila da azaltzea zergatik gertatzen ari diren blokeo-egoerak (baita negazionismo egoerak ere) nazioarteko legezkotasun humanitarioaren bermea duten lan-ildoen garapenean. Euskal Herrian egoera hau, gure ustez, «memoriaren ertz» dei genitzakeen hiru faktoreren ondorioa da.
Lehen ertza. Ondorioak eta zigorgabetasuna. Diktadorearen heriotzaren ondotik sendotuz joan den zigorgabetze egoera 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera «hauteskundez hauteskunde nagusi» bihurtu ziren alderdiek garatutako estrategia «paktistaren» ondorioa izan da. «Frankismoaren aurkakoek» ordaindu beharreko «zerga» izan zen, ustezko «adiskidetze nazionala» lortu ahal izateko. Biktimen eta erregimenen errepresaliatuak izan ginen lehen sakrifikatuak, den-dena «ondo lotuta» zegoen agertoki politiko «berri» bat lortze aldera. Azken batean, garai luze horretan sendotutako botere sozio-politikoek «trantsizio» eredu bat inposatzea lortu zuten, «erreforma demokratikoa» izenekoa, 1960ko hamarkadan berritutako disidentearen gaineko nagusitasunaren oinarriak erabat mantenduz. Bibliografia ugari dago, joan den mendeko 1970eko hamarkadatik aurrera argitaratua (Tuñon de Lara, Tamames, Etxezarreta, Navarro, Torres, esaterako). Bertan, erregimen frankistaren testuinguruan egin ziren eraldaketa ekonomikoak aztertzen dira, baita ondorengo «araubide demokratikoan» izandako egiturazko «jarraitutasunei» buruzkoak ere.
Bigarren ertza. Memoria historikoari buruzko politika publikoak. Politika hauek diseinatu zituzten talde politiko berberak bat etorri ziren «adostutako erreformaren» definizioan eta bere egikaritzean. Horiek izan ziren, eta dira oraindik ere, erakunde frankisten (monarkia, GC, PA, TOP, FA , adibidez) irudia eta esanahia berritu eta garbitzea lortzeko doktrinamendua eta propagandaz baliatu direnak, aurrekontu-partida handiak erabiliz. Eta hau guztia, «adiskidetze nazionalaren» kontzeptuaren izenean eta 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe militarra eta ondorengo erregimen frankistak gauzaturiko gizateriaren aurkako krimenen zigorgabetasuna legeztatuz. Berrikuspen historiografikoaren testuinguru horretan, interes partekatu bat sortu da zenbait sustatzaile pribaturen, komunikabide boteretsuen eta Estatu-politiken artean. Bilakaera horrek guztiak, diktadura frankistaren biktimen eta errepresaliatuen eskubideen garapen integrala desorekatu egin du.
Errebisionismo historiko hark eta haren diskurtsoak, erreparazio morala jarduera publikoaren helburu bakartzat izatea lortzen ari da, justiziarenak eta ez errepikatzeko bermeek albo batera utzirik. Horrek guztiak lagundu egin du, eta oraindik ere laguntzen du, negazionismoa indartzeko baldintzak sortzen.
Hirugarren ertza. Mugimendu memorialista. 1936ko militar kolpistek gure herrian eragindako errepresioaren dimentsio eta forma desberdinek, eta gure elkarteen osaera soziokulturalean dauden desberdintasunek, gizateriaren aurkako nahiz genozidioko krimenen biktimen eskubideak defendatzeko gure estrategietan homogeneotasuna eta koherentziaren gabeziek eragin dute. Espainiako Erresumako Gobernuak «memoria demokratikoari» buruzko lege-aurreproiektua aurkeztea izan da 2020ko urrian Estatu osoko Memoria Historikoko kolektiboen topaketak egitearen arrazoia. Topaketa horien esparruan, aipatutako aurreproiektuaren balorazio-testu bat adostea lortu zen, baita indarrean dagoen «zigorgabetasun-ereduari» amaiera emateko gobernuari zenbait proposamen jakinaraztea onartzea ere. Horretarako, lehen neurri gisa, saihestezina da 1977ko Amnistiaren Legeak ezeztatzea, edo zigorgabetasuna luzatzea xede zuten honen zenbait atalena, bederen. Militar kolpistek eraikitako hobi komunak aurkitzea eta gorpuak hobitik ateratzeko eta hauek identifikatzeko prozesu osoa judizializatzea bermatu behar da, benetako eta erabateko babes judiziala bermatzeko. Informazio eta errepresio-zerbitzuei lotutako artxibo publiko nahiz pribatu guztiak begi-bistan jarri eta haietara sarbide librea izatea bermatu behar da.
Frankismoaren espoliazio eta konfiskazioaren aurrean, aurreproiektuak Estatuaren ondare-erantzukizuna aitortu behar du, eta diktadurari lagundu zieten enpresa-sareei erantzukizunak eskatu, haiek erabili zuten behartutako lanagatik. Euskal Herria bezalako Estaturik gabeko nazioen ikuspuntutik, gure herriari ezarritako estrategia genozidaren ondorioak ere jaso beharko lituzke legeak. Estrategia haren helburua gure identitate soziokulturalaren ezaugarriak ezabatzea izan baitzen, eta erakunde politiko, demokratiko eta subiranoen bidez gure herrialdeko baliabide ekonomikoak erabili eta antolatzeko dugun eskubidea ukatu zitzaigulako. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen helburuak lortzeko, eragile sozialen jarduera baterakorrak garatzea erabakigarria izango da. Interpelazio koordinatua garatzeko mekanismoak antolatzeko gai ez bagara, gaindiezinak izango dira Franco hil ondoren gure eskubideen urraketak betikotzea inposatu zitzaizkigun baldintzak.