2023
«Maite, 2023!». Hori da lagun batek erantzun zidana Nafarroako panorama politikoaren aitzinean, ni animatu nahian. Eta noski, kontrakoa lortu zuen.
Donostian bizi den nafarra nauzu. Gustura konpartitzen dut etxea beste hiru neskekin. Aurten lehen aldiz bizitu ditugu hauteskundeak elkarrekin (nor bozkatzen dugun galdetzera ez gara oraindik hausartu). Hara non nire harridura, pisukide baten zaletasunaz jabetzean. Gustatzen zaizkiola hauteskundeak, eta ilusioa egiten diola botoa ematea! Eta horregatik etxeko sarreran, txukun-txukun, pilatu zituen, bata bestearen gainean, pisukide bakoitzaren izenean iritsi ziren propaganda aleak. Nahikoa izan zen irudi hori ikustea hauteskundeetan zenbat tona paper xahutzen den ohartzeko. Nola da posible euren burua ekologistatzat duten alderdiek ere papera hain lotsagabeki gastatzea?
Mesedez eta faborez. Zuk irakurtzen duzu propaganda? Uste duzu eraginkorrak direla? Behartuta al gaude sekula santan, urrezko txerri batengatik ere ez, bozkatuko ez dugun alderdi politiko baten propaganda jasotzera?
Alderdi politikoek badakite aski ongi gure etxeetara bidaltzen dituzten eskutitz horiek ez ditugula irekitzen. Baina hori ez da problema, guk geuk ordaintzen baitugu dena gure poltsikotik! Hauteskunde-legearen arabera, administrazio publikoen gain geratzen da zure eta nire etxeetara egiten diren bidalketa masibo horiek. Harrapazank!
Zutabe hau idazteko informazio bila ari nintzela jakin dut herritarrok badugula aukera propaganda horri uko egiteko. Espainiar Estatuko Estatistika Institutu Nazionaleko webgunean sartu eta bertan eskatu behar da gure datu pertsonalak kentzeko alderdi politikoek jasotzen duten hautesle- erroldatik. Gestio hori egiteko beharrezkoa da administrazio publikoan erabiltzen den identifikazio elektronikoa.
Ea 2023rako estatistika institutuan gestioak eginak ditudan, alderdi politikoek bidalketa masiboak ez egiteko hautua hartzen duten, eta batez ere, ea Asiron bueltan dugun.