A zer nagia!
Bada, iritsi da. Aurten, inoiz baino gehiago kostatu zaiola esango nuke, baina, hemen da ikasturte berria. Eta urtero bezala, ikasturtearekin batera: nagia, gogo falta edo deitu nahi diozuen bezala; aurten, esango nuke, inoiz baino handiagoa.
Ikasturte zaila bukatu genuen, eta ikasturte zaila goaz hastera. Ez dakigu eskolan, etxetik, etxetik eta eskolan… ez dakigu hamabost, hogei, hogeita hamar… ez dakigu ordenagailuaren pantailaren ala maskararen atzean ezkutatuko garen. Egingo ditugu bilerak, hausnarketak, marrazkiak, planak eta plan gehiago; eta, atzorako pentsatutakoak ez du gaurko balioko. Eta erotu egingo gara, baina zorionez, gure ikasleak ohituta daude gure desoreka txikietara.
Honek guztiak bertigo pixka bat ematen dit, bai, baina nagirik ez. Nagia ematen dit, zomorro puta honek aldatu duen beste guztiak; nagia ematen dit, alegia, sortu duen giro erdi tragiko erdi estresatuak.
Horregatik, biharko balio ez duen plana diseinatzeko bilera bukatzen dugunean, nahi dut kafe bat hartzera joan, eta nahi dut David Silvaren fitxaketaz hitz egin, eguraldiaz, mesanotxean oraindik hasteko dudan nobelaz, eta aurten, inoiz ez bezala, Tourraz ere hitz egin nahi dut.
Erotu egingo gara, bestela! Baina, benetan.
Eta, dagoeneko, erretiratuta dagoen lankide batek esaten zuen bezala: «Garrantzitsuena: sobrevivir!». Eutsi goiari.