Abandonu sentimenduz
Onkologikoa Fundazioaren Donostiako ospitaleko erizaintzako laguntzaileak gara, eta ospitalizazioaren sailean egiten dugu lan. Hogei urtetik gora daramatzagu erakunde honetan lan egiten. Pazienteen ongizatea lortzeko beharrezkoa den zaintzaren garrantzian oinarritutako balio jakin batzuk irakatsi zizkiguten gure aurrekoek, eta gure jarduna ospitale honetan garatzen jarraitzen dugunok horretan dihardugu.
Legatu hori eta giroan antzematen den lan egiteko modu hori Gipuzkoako biztanleen artean ‘Onkologikoa Espiritua’ izenarekin ezaguna izatera iritsi da, baita publikoki aitortua izatera iritsi ere, hiriko Urrezko Dominarekin. Langileon partetik espiritu hori mantentzen da, baina buruzagiek ez dute aintzat hartzen.
Ospitale hau 1933an jaio zen, soilik eta modu esklusiboan minbizia tratatzeko leku apropos bat izateko, eta jardun hori azken 80 urteotan garatzen joan da, zentzu guztietan. Lan hori erreferentziazkoa izan da beste ospitale batzuentzako, eta, orokorrean, herritarrentzako.
Lan egiteko modu hau drastikoki aldatu behar izan zen urte hasieran, lantaldean egindako murrizketengatik, hainbat zerbitzuren azpierabilerarengatik, langileak eta zerbitzuak Donostiako Unibertsitate Ospitalera lekualdatzeagatik, eta abar. Hori guztia, gainera, desinformatuz edo langileei informazio gutxi emanez egin zuten, era berean, ziurgabetasun, ezintasun eta etsipen giro bat sortuz.
Arauak aldatzen doaz eta onartuak dira: ‘Ez dago besterik’, esaten digute behin eta berriro. Oposizioa egonda ere, laneko errutina aldatzen ari da, eta gure gogoa okerrera egiten ari da, itsasontzi honetako kapitain guztiek abandonatzen gaituztela sentitzen dugulako.
Guk ziurgabetasunez betetako giro batean bizi dugu egoera hau, erantzunik gabeko galderak ditugulako, pazienteak egoera oso nahasi batean murgilduta ikusten ditugulako, batere argia ez den laneko giro honek egonezina sortzen duelako eta esaten dituzten hitz onek oso bestelako errealitate batekin talka egiten dutelako.