Aberri Egunari buruz
Gero eta gertuago dugu apirilaren 9a, eta gero eta jende gehiagoren ahoetan entzuten dira Aberri Eguna hitzak. Egun honetan Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeaz ezik, nazio zapaldu bat ere badela salatzen da. Baina zapalkuntza hori ez da egun bakar batera mugatzen, egunerokotasunean ikusi eta pairatzen baititugu nazio zapalkuntzaren ondorioak. Estatu zapaltzaile baten menpe gaudela gogorarazten diguten sinbologiatik eta eraikinetatik hasita, nazio zapaltzaileak aurrera eramaten duen asimilazio-prozesuaren ondorioak lehenengo pertsonan ikusi arte. Izan ere, kezkagarria da Donostian euskararen ezagutza biztanleriaren % 46,67k izan arren, honen kale erabilera % 15,3koa dela, gaztelaniarena % 79,7koa den bitartean. Bestalde, eguneroko edozein prozesu administratibo burutzeko, beharrezkoa dugu estatuak inposatuta Polizia espainolaren komisaldegian atera beharreko NANa baliatzea. Era berean, ikusi behar dugu estatu horren mesedepean diharduten administrazioek, burgesiak lagunduta, nola merkantilizatzen duten gure kultura turistentzat etengabe. Azken finean, ukazioa baliatzen dute Euskal Herriak nazio gisa dituen baldintza objektiboak deuseztatzeko.
Hori guztia gutxi balitz, euskal burgesiak nazio zapalkuntza zuritzeaz gain, berau erreproduzitzen du hobari ekonomiko zein politikoak lortze aldera. Izan ere, helburu elektoralistekin edota presio neurri gisa euren mesedepean baliatu behar dutenean mahai gaineratzen dute soilik nazio auzia. Baina ez gaitezen engainatu, burgesiak espainiar estatuak inposatutako instituzio juridiko-politikoetan era leialean parte hartzen duen unetik, hauek zilegitu ez ezik, estatuek aurrera daramaten zapalkuntza estrategia sostengatu eta erreproduzitu ere egiten dute.
Gauzak horrela, Euskal Herri Langileak zapalkuntza nazionala klase zapalkuntzaren baitan kokatu beharra dauka, halabeharrez. Alta, frantziar eta espainiar estatu burgesek, lan-indarra estatu osoan mugitu eta merkatu estatalizatu eta homogeneoa erdiesteko, beharrezkoa dute euren proiektu nazionala muturreraino eramatea.
Horren aurrean, Euskal Herriko langileok beharrezkoa dugu gure interesei erantzunez antolatutako eta guregandik gidatuta egongo den proiektu politikoa martxan jartzea, nazio zapalkuntzaren gaindipenaz gain Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza oro gainditzea helburu izango duena. Bide horretan, apirilaren 9an Gernikan antolatu den Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatzen dut. Izan ere, egun hau Euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntzan aurrerapausoak emateko eta antolaketa marko propioen bitartez hau eraikitzeko nahian berresteko eguna da.
Apirilaren 9an denok Gernikara!