Administrazioa euskalduntzearen prezioa
Badugu Udal Gobernu berria. Hasierako asmoa Enrique Ramos psekideari Hezkuntza eta Gazteria ematea zen Ingurumenarekin batera. Azkenean, ordea, Duñike Agirrezabalagak kudeatuko ditu Hezkuntza eta Gazteria, sail beraren baitan dauden beste gaiekin batera.
Ramosen proposamena jakin zenean udal sindikatu batek monolingue español (sic) batek Hezkuntza eta Gazteria eramatea salatu zuen, Euskara plana urratzen zuelakoan. Batzuen ustez, salaketa horrek behartu zuen udal gobernua izendapen horretan atzera egitera.
Ez zait atseginegi “monolingue español” hori; bada gauza bera adierazteko beste esamolderik. Gainera, arazoa ez datza duenean baizik eta falta zaionean, hots, euskaraz ez dakien pertsona dela esatea nahiago nuke. Halere, hautatutako hitzak gorabehera, ardura horiei dagozkien hizkuntza eskakizunak betetzen ote dituen da afera.
PSEren esanetan ez da euskara izan aldaketaren zioa. Ramosek “euskara ezagutzen” omen du. Interesatu nagusiak ez zion halako ezagutzarik aitortu bere buruari, baina Twitterren bere aurkako esamoldea gaitzetsi eta honakoa galdetu zuen: ea zein arazo ekar diezaiokeen euskarari Korrikan aritu den batek.
Bejondeiola Ramosi Korrikan aritzeagatik, eta nire eskerrik beroena horregatik. Halere, benetan espero dut Enriquek ekimenaren edukiarekin bat egin izana; ez Korrikawashing bidez beste kontu batzuk zuritzeko.
Aipatzeke geratu da zinegotzi aldaketaren ustezko benetako arrazoia. PSEren esanetan, Duñike Agirrezabalaga zinegotziari jardun osoa emateko nahitaezkoa zen atal administratibo oso baten ardura ematea. Hau da, Gobernurako lan banaketa –ustez egokia– erabaki zuten arren, horrela denak ez zirenez soldata osoz liberatzen, ardura-banaketa aldatu zuten denoi soldata osoa bermatzeko.
Benetako arrazoia euskara izan ala ez, Duñike Agirrezabalaga izango da arlo bi horien zinegotzia eta badu hizkuntza gaitasuna. Gaitzerdi, garestitxo atera baitzaigu. Edonola, garbi geratu zaigu administrazioa garestitzen duena ez dela euskara, batzuen poltsikoak betetzeko premia baizik.