Agur, Jonpa
Testu hau irakurtzen hasi zaretenetako batzuek jakingo duzue Jonpa nor izan zen; hala ere, bat baino gehiago izango zarete nor izan zen ez dakizuenok.
Jonpa donostiar peto-petoa zen, seme bakarra, eta Amara Berrin zuen bere etxea, baina bere bizitza Parte Zaharrean egiten zuen, hau da, lo egiteko Amara Berrira joaten bazen ere, Parte Zaharrean egiten zuen bizitza.
Berria egunkarian orain eta lehenagotik Euskaldunon Egunkaria-n idazkari lan egiten zuen eta libre zituen orduetan mendira edo, beste nonbaitera joan behar ez bazuen Parte Zaharrean ikusiko genuen.
Arrano Beltza elkarteko arima bera izan zen urte mordo batean zendu zen arte. Bera zela elkarteko arima diodanean zera esan nahi dut: elkartearen izaera eta bilakaera, elkartearen nortasuna eta baloreak zaintzen zituena urteak joan urteak etorri bera zela.
Arrano Beltza elkarteak, sortu zenetik ezaugarri zehatz batzuk ditu: euskara eta euskal kultura sustatzea. EHE sortu zenarekin batera sortu zen elkartea eta sortze beretik euskara eta euskal kultura izan ditu aedatz.Horretan saiatu da urtean zehar egin ohi diren egitasmoen bidez.
Elkartea betitik euskaltzaleen bilgune izan da eta da gaur egun ere hala da. Milaka bilera egin dira eta egiten dira baldintza bakarrarekin: euskaraz izatea bilera horiek. Horrez gain, elkarteak parte hartzen du bai auzoan, bai Donostia mailan, bai Euskal Herri mailan euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekimenetan. Horregatik da elkartea ezaguna auzoan,hirian eta ausartuko nintzateke esaten Euskal Herrian.
Bada, elkarte horren arima azken urte hauetan guztietan Jonpa izan da. Jonpak jakin du elkarteak duen ospe eta izen hori mantendu eta indartzen garaiak aldatzen joan badira ere.
Jonpak harremanetarako gaitasun handia zuen. Urteko egutegi zabala betetzeaz gain egitasmo berriak gauzatzen ere bazekien, beti ere, esan dugun ildotik. Lagunartean alaia eta aldarte onekoa. Bera bezala euskaltzalea bazinen berehala lagun izango zenuen.
Bere adiskidetasuna bizi izan dugunok beti izango dugu gogoan. Neuk ere agurtu nahi zintudan publikoki. Agur Jonpa.
2019ko abuztuaren 10ean zendu zen 53 urte zituela.