Altxa ahotsa, ikasle
Kaletik nindoala, «Martxoak 25 kalera!» deritzon afixarekin egin dut topo. Ikasle Abertzaleak-ek sinatuta doa «ikasle langileon batasunaz» autoritarismoari aurre egiteko aldarria. Garai nahasi eta despotiko hauetan, bigarren hezkuntzako ikasleak ere mezuren bat helarazi nahian dabiltza. Agian, orain arte inork gutxik galdetu dielako ezer, edota bestetik, haiek ere badituztelako hamaika arrazoi protestarako.
Ikasle mugimenduko garaiak oroitarazi dizkit honek. Hezkuntza eta bere problematika ezberdinak. Zuzendari eta irakasleen erreinua, ikasleriaren gotorlekua. Gurean, hezkuntza publikoan ere, protestaka ari dira ikasleak. Batzuek haur jolasen pareko jotzen dituzte borroka hauek; ni, ordea, esaten dutena ulertzen saiatzearen aldekoa naiz.
COVID-19ak eragindako buruhauste guztien aurrean hezkuntza ez da salbuespena. Presentzialtasunaz osasun-arriskura kondenatzeaz gain, hainbat neurri salatu dituzte ikasleek. Neurri horiek aplikatzearen arrazoia osasuna izatetik urrun, etengabeko kontraesana agerikoa da. Kalean lau pertsona soilik bildu gaitezke, klasean, ordea, 25etik gora. Institutuetako pasilloetan distantziak errespetatu behar, baina hautazkoetan denak nahastuta. Eta institutuetako liburutegi batzuk, berriz, itxita, liburuen kutsakortasunaren beldur edo.
Gainera, jada hezkuntzaren parte den eta erabat naturala zaigun teknologiak ondorio asko ditu ikasleengan. Nire garaian proiektorea bazen berrikuntza, orain ikasleen joan-etorriak, jarrerak, hutsegiteak… aplikazio digitalen bidez kontrolatzera iritsi dira. Classroom bezalako plataformen bitartez ere ikasleen aisialdi denbora erabat kontrolatu dezakete, igande goizetan edota ostiral arratsaldean lanak entregatu behar izatea arrunta baita egun ikasleen bizitzetan.
Zeinen eskuetan dago egungo ikasleen heziketa prozesua? Institutuetan ikasle otzan eta akritikoak, bizi-ohitura autoritarioa barneratzen dutenak nahi dituzte, antza. Ez ahal du ba ikasleak bere ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia garatu behar? Kritikotasuna garatu behar? Ez ahal du ba ikasleriak bere eskubide eta helburuen alde borrokatu eta subjektu politiko bihurtu behar? Ez al da hori kalitatezko hezkuntzaren ezaugarria?
Institutua urruti geratu zait iada, baina gizarteko tendentziak hezkuntzan ere ematen ari direla begibistakoa da. Eta ikasleak hor ditugu, antolatzeko deia eginez eta borrokarako prest. Eman diezaiegun hitza, eta entzun ditzagun. Martxoaren 25ean ni ere, Tabakaleran izango naiz 12:30ean. Gaurko borroka egunak, etorkizuneko hezkuntza ereduaren emaitza direlako.