Altxa begirada
Medikuntzan gauza asko ikasten dira; famatuak dira gure apunte-dorreak, bai handiak izateagatik, baita horietaz etengabe hitz egiten omen dugulako ere. Baina EHUk badauka beste irakaspenik, apunteetan agertzen ez dena, muturra orri artean sartuta ikusten ez dena. Bere funtzioa. Ahoa hitzez betetzen zaie goi-karguei, gure formakuntza bikaina eta parte-hartzailea lehentasuntzat adieraziz; baina, egia al da hori?
EHU ikasle graduatuak ekoizten dituen fabrika bat da, buztina bezala moldatzen gaituena bere interesen alde. Erakunde «demokratikoak» sortu ditu, bozka bidez unibertsitateko eragile guztiak ordezkatuak izan gaitezen, baina inolako eskumenik eman gabe. Egoera hau betidanik hala izan den arren, pandemia garaian guztiz azaleratu da, ez baitzaigu ikasleoi eskumenik eman, ezta kontsultatu ere, hartu den edozein erabakiren inguruan. Gure eskubideak unilateralki murriztuak izan dira, «denon hobe beharrez».
EHUren izaera ikusita, ikasleoi honi aurka egin eta irakaskuntza-eredu parte-hartzaile baten alde egitea dagokigu, gure hezkuntza-baldintzak kontrola ditzakegun eredu baten alde, alegia. Subjektu pasiboak izan baino, gure egoeraren gain erabakiak erantzukizunez hartzeko eskubidea eskuratu nahi dugu.
Hala ere, ez dauka inongo zentzurik bakoitzak bere zilborrera begira jarduteak, norberaren jarduna bere graduko lorpen zehatzetara mugatuz. Medikuntzan, esaterako, badaude borroka historikoak (gradua guztiz euskaratzea, praktikak ugaritzea…); baina borroka horiek errepikakorrak, egiturazkoak dira, eta fakultate guztietan patroi berberak jarraitzen dituzte, ez dira soilik medikuntzan agertzen.
EHU instituzio handi bat da, eta horren gain eragiteko indar batasun zabala behar da: horrek ikasleok unibertsitate mailan antolatzera bultzatzen gaitu derrigor; EHUk sortzen dizkigun arazoei maila berean erantzun ahal izateko, bederen. Eta ez bakarrik ikasleon arazoei, baita gure antzera zapaldu eta mutututa dagoen EHUko langile ororen arazoei ere (garbitzaile, ikertzaile, irakasle…).
Medikuntzan gauza asko ikasten dira, baina gehienetarako begirada apunteetatik, mahaitik, norberaren zilborretik, altxa behar da.