Amaia Portugal: 'Zer eskatzen du herriak?'
Aurrekontu parte-hartzaileetan botoa eman duten 3.560 inuzente horietako bat naiz. Ez nuen asmorik, proposamenen zerrendan eskaera kaskarinegiak aurkitzeko beldur bainintzen. Gabonetako noria erraldoi bat, edo libururik gabeko kulturgune bat, edo, nik zer dakit, musikal gehiago. Baina uste baino normalagoak gara, antza. Beharrizan arruntak dituen herri xehea.
Guztira 112 proposamen zeuden aukeran, eta ia horien erdiak zegozkien mantentze lanei. Beste mordoxka batek segurtasunarekin edo irisgarritasunarekin zuen zerikusia, adibidez. Kontxako bidegorria hobeto babesteko proposamenak jaso du boto gehien. 2019ko aurrekontuetan sartzeko aukeratu ditugun proiektuen artean daude ere bizikletak uzteko aterpeak, semaforo akustikoak, Herrerako puntu kritikoa behingoz desagerraraztea, eta Herreran bertan espaloiak eta Amara Berrin argiztapena hobetzeko proposamen bana.
Herritarrek hain eskaera lurtarrak egiteak eta horien alde botoa emateak poztu nau, bai, baina aldi berean, galdera bat datorkit burura: hauek ez al dira udalak ofizioz egin beharreko kontuak?
Herrerako puntu kritikoa ezabatzeko proposamenak nahikoa boto jaso izan ez balu, beste aldera begiratzeko asmoa al zuten gure zinegotziek? Kontxako bidegorria seguruagoa izan daitekeela ikusi baina ezer egin ez? Bizikleta gehiago erabiltzeko matraka eman, baina uzteko tokirik egokitu ez, eta gaizki aparkatzeagatik isuna jarri?
Proposamen horiek aurrera atera dira, eta eskerrak. Baina Amara Berrin argiztapena hobetuko du Udalak, eta Añorgan ez, bigarren eskaera honek nahikoa botorik jaso ez duelako? Herrerako espaloi labainkorrak konponduko dituzte, eta Beriokoak, hor konpon? Mantentze lanen tonbola dirudi, ea zein auzok erosten duen boleto gehien.
Amara Berri Ikastetxean jolastokiak birbanatzea, Martutenen kai bat eraikitzea, edo emakume zigarrogileei Tabakaleran monumentu bat jartzea. Nire ustez proposamen horien gisakoak behar zuten izan, aurrekontu parte-hartzaileetan botoa emateko hautagai ziren guztiek. Ideia berriak, zer pentsa ematen dutenak, aparteko ekarpena egiten dutenak. Eta ez udalak berezkoak dituen ardurak enkantean jarri.
Bide batez, ariketa polita ere izan da hau, gure zinegotziak ohar daitezen herriak benetan zer nahi duen. Inork ez baitu argiaren hirian bizitzea eskatu, Ernesto. Ondo jarritako lau farolarekin konformatzen gara.