Amnistiaren aldeko asteak gogoan
46 urte igaro dira amnistiaren aldeko aste historikoak egin zirenetik. Ustezko trantsizio garai horretan, herri langileak ozen aldarrikatzen zuen amnistia. Amnistia frankismoaren aurka eta herri langilearen alde borrokatzeagatik gatibu zeuden pertsonentzat, baina, batez ere, amnistia berriz ere aurrera eramandako borrokarengatik inor espetxeratua izan ez zedin. 46 urte igaro arren, oraindik ere aldarrikapen berdinengatik borrokatzen jarraitzen dugu, Euskal Herriko independentzia eta sozialismoarengatik, alegia. Honek zera esan nahi du: amnistiaz mozorrotu nahi izan zuten hura ez zela herri langilearentzat amnistia bat izan; hau da, Euskal Herrian urteetan zehar sufrimendua eta zapalkuntza besterik eskaini ez zutenentzako amnistia izan zela alegia.
Aste horietan, kalea Euskal Herri Langilearen borrokaren erakusleiho izan zen. Milaka eta milaka pertsona atera ziren kalera Euskal Herriko hamaika herritan, eta garaia hartan estatu aparatuetan zeudenen erantzuna izan zen mobilizazio horiek errepresio gordinenarekin itzaltzea. Izan ere, mobilizazio horiek ezkutatu nahi zuten egia agerian uzten zuten, frankismotik haratago zapalkuntza estruktural bat zegoela, hain zuzen ere. Gauzak horrela, mobilizazio horietan aurrera eramandako errepresioarengatik 7 hildako utzi zituzten “demokrazia”-ren izenean.
Gaur egun, Euskal Herriak zapalduta jarraitzen du, bai nazionalki, baita sozialki ere. Izan ere, Euskal Herria 5 administraziotan banatuta dago, 4 espainiar estatuaren esku daudelarik, eta bestea Frantziar estatuaren menpe. Bestalde, hizkuntzari dagokionez, zenbait zonaldetan hiztunen kopuruak gora egin baldin badu ere, euskararen erabilera beheranzko joeran dago diglosia-egoera dela eta. Halaber, arlo sozialari begiratuta, langileen soldata erreala etengabeko beheranzko joeran egotea, zerbitzu publikoetan pribatizazioa eta desmantelazioa aurrera eramatea eta etxebizitza duin bat eskuratzeko ezintasuna dira eguneko ogia. Horretaz gain, urteetan zehar Euskal Herriko askatasunarengatik borrokatutako militante iraultzaileek frantziar eta espainiar estatuen espetxeetan jarraitzen dute gatibu. Hori guztia gutxi balitz, egoera honi aurre egiteko burututako borroka orok estatuaren aldetik errepresioa besterik ez du pairatzen, eta Euskal Herrian errepresio horri aurre egiteko inoiz baino baldintza urriagoekin aurkitzen gara.
Aipatu bezala, 46 urte igaro dira, baina zapalkuntzak bere horretan jarraitzen du. Gaur egungo baldintzekin, baina Euskal Herriak nazionalki eta sozialki zapalduta jarraitzen du. Gure partetik, garai horietako borrokak eta gertakariak gogora ekartzeaz haratago, borrokaren lekukoa hartu eta azken helbururaino eramatea guri dagokigula aldarrikatu nahi dugu. Urte guzti horietan borrokatutakoengatik eta borrokan eroritakoengatik, baina, batez ere, Euskal Herriko askatasunarengatik. Hortaz, batu, antolatu eta borrokatu! Borrokak merezi du eta!
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herri sozialista! Euskal Herriak amnistia!