Antolatzeko leku bat behar dugu
Irailean unibertsitatera itzuli ginenean, sorpresa ez oso atsegin batekin topo egin genuen: unibertsitateko jardun politikoa aurrera eramateko ezinbestekoa zitzaigun azpiegitura kendu ziguten. Azalpen eske joan ginenean, azken hilabeteetan askatasun politikoen urraketa edota bestelako edozein neurri justifikatzeko komodin bihurtu dena erabili zuten: pandemia.
Hau kontuan izanik, urtarrilaren amaieran UIBtik askatasun politikoen aldeko kanpaina bat martxan jarri genuen Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde, ekin antolakuntzari! lelopean. Kanpainaren bitartez, COVID-19aren aitzakipean martxan jarri den ofentsiba burgesak, unibertsitateko langile klaseko sektoreen baldintza materialen kaltetzea eta askatasun politikoen urraketa ekarri duela mahai gaineratu nahi izan dugu. Gainera, kanpaina aurrera eramaten ari ginen bitartean, ikasturte hasieratik abiatutako negoziazioarekin jarraitu dugu.
EHUren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera eraman gintuen aurreko astean: otsailaren 22 goizean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean dagoen (HEFA) Zorroaga aretora sartzeko pausoa ematea erabaki genuen, campusean politika egiteko aukera materiala bermatzeko. Espaziora sartu eta berehala, harremanetan jarri ginen HEFAko dekanotzarekin, negoziaketa prozesua berrartzeko asmoz. Haien partetik jaso genuen erantzuna, berriz ere, ezezkoa izan zen eta, gainera, aretora iristeko sarbidea ixtearekin mehatxatu gintuzten. Espazioa ixteko arriskua ikusirik, gaua bertan igarotzea erabaki genuen.
Errektoreordetzatik ere ez ziguten inolako eskaintza konkreturik egin. Arratsaldean ordea, EHUko errektoretzak dokumentu bat bidali zigun proposamen batekin; hala ere, dokumentu horrek proposamena baino gehiago ultimatuma zirudien. Dokumentu horretan ez zen inolako bermerik eskaintzen espazioa lortzeko eta ez zen espazioaren aukeraketari edo denbora-epeari buruzko argipenik ematen. Gainera, 21:00etarako Zorroaga aretoa uzteko exijitzen ziguten «egungo osasun-egoeraren larritasuna» argudiatuz. Baina dokumentuan argi geratzen zen arazoa ez zela birusa, UIBren izaera politikoa baizik. UIBren programa taktikoak, argi eta garbi planteatzen du marko burgesaren gaindipena eta, ondorioz, iraultzailea dela esan daiteke; izan ere, bere helburua langile klasearen mesedetara egongo den unibertsitatea eraikitzea da.
Gertakarietara itzuliz, gau horretan bertan, otsailaren 24ean, indar polizialak Ibaetako campusera sartu ziren gu botatzera. Horrela, EHUk behin eta berriz adierazi zituen konponbiderako jarrera eta bermeak hitz hutsean gelditu ziren, honetarako borondate errealik ez zuela erakutsiz.
Otsailaren 25eko manifestazioan erakutsi genuen bezala, antolatzeko espazio bat izan arte tinko jarraituko dugu borrokan. Ofentsiba burgesa artikulatzen ari den garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da langile sektoreen baldintza materialen defentsa egitea, horretarako, gure antolakuntza artikulatzeko bermeak ezinbesteko izanik.