Antxon Eceiza: bizitzak, garaiak, filmak
Antxon Eceiza zinemagile donostiarra ezagutu nuen, Entre Antonio y Antxon Eceiza, entre el cine y la política titulua izango zuen doktore-tesirako ikerketa egiten ari nintzenean. Hil honetan Shangri La argitaletxeak argitaratu duen Antxon Eceiza, Vidas, tiempos, obras liburua tesi haren egokitzapena da. Joan den urriaren 22an aurkeztu nuen Tabakaleran, Ke arteko egunak filmaren proiekzioaren aurretik.
Zinemaldiko prentsa akreditazioen leihatilan ezagutu nuen Antxon. Bere akreditazioa jasotzera etorri zen batean, berari buruzko ikerketa bat prestatzen ari nintzela esan nion. Oso eskuzabala izan zen ondoren nirekin. Elkarrizketa pertsonal ugari eskaini zizkidan. Baita urteetan zehar jasoak zituen era guztietako dokumentu pertsonal eta profesionalak erakutsi ere: proiektuak, gidoiak, liburuak, argazkiak eta abar.
Antxon eta bere alarguna Fini Rubio hil ostean, Errenteriako, Pasaiako, Hernaniko eta Andoaingo udalen eskuetara pasa ziren artxibo pertsonal horiek guztiak. Gero, 2021ean, Euskadiko Filmategira.
Hor aurkitzen dira oso berea duten titulupean, Antxonen oroitzapenak: ¿No ves o qué? (memorias dudosas) 1935-200… Hor daude zinemagile donostiar honen biofilmografia zirraragarriaren arrasto nagusiak: Elias Querejetaren lehen ekoiztetxe izan zen Laponia Filmseko bazkide; Tourseko Nazioarteko Film Laburren Jaialdian lehen aldiz Espainiatik aurkeztutako A través de San Sebastián (1961) filmaren zuzendarikide, hau ere Querejetarekin; Espainiar Zinema Berriaren nazioarteko ordezkari Canneseko Zinemaldian Último encuentro (1967) filmarekin; Mina, viento de libertad (1976) mexikar-kubatar superprodukzioaren zuzendari; Ikuskak (1979-1983), Trantsizio garaiko euskarazko film labur dokumentalen proiektuaren koordinatzaile; Nazioarteko Zinemaldi bateko Sail Ofizialean, Donostiakoan, lehen aldiz lehiatzen den euskarazko Ke arteko egunak (1989) filmaren zuzendari…
Oso garai politikoak izan ziren bereak: diktadura frankista; Espainiako trantsizio politikoa, Euskadikoa barne; Autonomien Espainiaren eraikuntza…
Bere garaikide askorekin batera, Eceizak uste zuen intelektualaren betebeharra zela gizartearekin konprometitzea eta arteak (zinema, barne) tresna (arma) gisa erabili behar zirela, «abian diren ekintzak erradikaltzen» laguntzeko. Zinemagintza eta politikagintza elkar hertsiki lotuta ikusten zituen. Horrela ulertzen da «espainiar etapan» egin zuen errealismo dialektikoaren defentsa (Espainiako Zinema Berriaren mugimendu barruan); eta horrela, baita, 70eko hamarkadaren amaieran, egin zuen Euskal Zinema Nazionalaren defentsa.
Antxon Eceiza, Vidas, tiempos, obras honetaz guztiaz doa. Antonio, Antton, Antxon… Eceiza, Ezeiza… donostiarraren bizitzak, garaiak eta lan profesional-politikoak jasotzen ditu. Saiatzen da, behintzat.