Arratsalde bat zirkuan
Noiz uzten dio haur batek ume izateari, betirako helduen mundura igarotzeko? Zein da atzera bueltarik ez duen une latz eta ekidin ezin hori? Erraz topatu daiteke; nahikoa da antzezlan bat edota magia emanaldi bat ikustera joatea. Ahozabalik eta magian erabat sinetsita irteten bazara, ume zara oraindik; aldiz, trukua bilatzen, mugikorra begiratzen edota inguruko haurren oihuez kexaka igaro baduzu saioa, jada ez zara ume.
Ume izateari uztea ez da txarra, eta bizitzak askotan eskatzen du heldutasun puntu bat aurrera egiteko; baina noizbehinka, gure barneko haurtxoari kuku bat egin eta mundu magikoen distira berreskuratzea komeni da. Arima garbi sentituko duzue orduan, bihotza alai, arazoen ekaitza baretu eta ordu batzuez orainaren gozamen zoro eta askeaz disfrutatuko duzuelako.
Zoritxarrez, garaiotan inoiz baino zailagoa da geure erraietan ezkutatu dugun haurraren ahotsa entzutea; ez dugu astirik, edo bai, baina dagoeneko ahaztu dugu ehortzitako xalotasun garbi hori nola berpizten den. Zuen kasua bada, albiste on bat dut zuentzat; Gure Zirkua berriro dugu Euskal Herriko txokoetan ibiltari!
Iaz Euskal Herri osoa zeharkatu zuen Iker Galartzaren proposamen zoro eta hunkigarriak bigarren denboraldia hasi du Oiartzunen, eta bertan izan nintzen, apur bat arrotz, heldu batek haur basati eta builoso horda batez inguraturik sentitzen duen urduritasunarekin. Ez da harritzekoa hala sentitu izana; nire ume ahotsarekin erabat deskonektaturik nengoen. Zorionez, Poxpolok (Iker Galartza) eta Martinek (Joseba Usabiaga) lehen abestiarekin batera esnatu zuten haurra, eta minutu gutxira, han nintzen ni, metro erdiko horda basatiarekin batera zorion basatiz horroka.
Magia truku bakoitza sinetsi nuen, «Oooo!» oihukatu nuen behin eta berriz orekari eta malabarista harrigarrien abilezia guztiekin, haurtzaroko kantu guztiak kantatu nituen groupie baten moduan, eta kartoi, makillaje eta zulo guztiak osatu nituen iraganean bezala; irudimenaren botere magikoarekin. Ez zen ikuskizun handi bat izan, erraldoia baizik. Zirkuko karpan, txikitako logelan izarekin egin bezala, argi guztiak itzali eta linternak sabaia argiztatzen duenean, heldutasunaren arrazoi eta logikek azaldu ezin dituzten gauzak gertatzen direlako.