Askatasuna
Gaur egun, zein da hitz honek duen esanahia? Bakoitzak bere erara ulertzen du, eta esanahi bat baino gehiago ez al ditu hartzen? Esanahi bat eta bere kontrakoa ez al ditu hartzen? Modan dagoen hitza da, batez ere, eskuineko pentsaera duen jendearen artean. Inoiz ez da hain erabilia izan eskuineko jendearen artean.
Gure memorian nola erabili dugun begiratzerakoan, Balentin Enbeitaren “askatasun eguzkia basotik irten da…”, gaztetan kantatzen genuen “zer eskatzen du herriak?…”, eta halakoak datozkit burura edo sortu zen erakunde baten “Euskadi eta Askatasuna” izena. Hau da, herri baten askatasun nahiari lotuta zegoen hitza izan da.
Gaur, berriz, ez da horrela. Gaur “gu” hitzari lotuta egon ordez, “ni” hitzari lotuta dago, neoliberalismoari eta kapitalismoari lotuta agertzen zaigu, batez ere. Dirudienez, gaurko munduan garrantzitsua ez da “gu”, hau da, komunitatea, kolektiboa; baizik “ni” eta nire askatasuna dago guztiaren gainetik.
Hitz honen lotura historikoari begiratzen badiogu, Frantziako iraultza datorkigu burura, “Liberté, égalité, fraternité” leloa, alegia. Hemen ere, hitza ez dago “niari” lotuta “guari” baizik, hau da, komunitate baten ametsari.
2021eko uztailaren 25ean, Donostian, pandemia dela eta egin zen manifestazio batean, pankartako leloak zera zioen: Osasunaren eta askatasunaren alde. Eta manifestazio horren kontra zeudenek txertoa hartu behar zela zioten, pandemiak heriotza asko eragiten zituelako, eta bestela ospitaletara joateko, errealitatea zein zen ikustera.
Ikusten denez ez da erraza egia non dagoen eta zeinek duen garbi ikustea, izan ere, txertoa hartu behar genuela ziotenek, kasu honetan, esan dezagun estatuak zioenak ere, askorengan mesfidantza eragiten zuen eta du. Areago, pentsatzen baduzu gehienetan edo beti esaten duena interesatua izan ohi dela. Estatuaren nahia herritar otzanak sortzea dela uste baduzu.
Estatuek edozein bitarteko erabiltzen dute jendea kontrolatzeko. Pandemia alde batera uzten ari gara, hala ere, askatasuna hitza barra-barra hor dabil, eta nagusitzen ari den askatasunaren esanahia “niari” lotuta ikusten dugu, gehienetan, ditugun komunikabideetan. Ikuspegi indibidualistatik ezinezkoa da “askatasuna” hitzaren esanahia zentzu komunitario batean ulertzea. Eta zentzu komunitario, kolektibo batean ez badugu ulertzen, hobe dugu hitz hori zerri-askara bidali, ez baitu balio sozialik.
Askatasuna hitza erabiltzen duenak atzean zer interes dituen begiratu behar du, zeren eta bestela, Garamendi espainiar patronalaren buruak esaten duenean ez duela onartzen soldata minimoa igotzea, edo Iberdrolako Galan jauna estatuaren aurka azaltzen denean, onartu beharko baitugu askatasunaren izenean ari direla.
Beraz, askatasuna testuinguru jakin batean jarri beharko dugu. Zer egin nik erabakitzen badut egiten dudanaren erantzulea ere neuk izan beharko dudala. Neure gain hartu beharko dut erantzukizuna. Patinetearekin espaloitik abiadura handian banoa, edo bizikleta batekin, jendartean, gertatzen zaizkidan ondorioak neuregan hartu beharko ditut.
Burujabetza indibiduala eta kolektiboa da. Askatasun indibiduala, eskuineko anarkismo indibiduala, gero eta gehiago hedatzen ari da, eta hori kapitalismo hutsa besterik ez da, merkatuaren askatasuna, azken finean. Eta horrek ez du zerikusirik komunismo libertarioarekin, non hitzak berak dioen bezala, zerbait komuna den.
Hortaz, medioetan dugun bonbardaketa honen aurrean jarrera kritikoa beharrezkoa izango zaigu. Hitz eder honen atzean zer interes dauden ikusten saiatu beharko dugu, egiaren bidean jarri nahi badugu.