Aukera bat
Enpresa askok eta askok porrot egingo dute ondorengo hilabeteetan. Langabezia eta prekarietatea areagotuko dira. Milaka lanpostu galduko dira. Hori da etorkizun hurbilera antzematen den panorama. Oraingo pandemia honek eragindako kalteak ondorioak izango ditu, eta langabeziaren zerrendak luzatuko dira.
Bestalde, esan behar da egungo ideologia nagusiak indibidualismoa hobesten duela, irtenbide bakarra hortik doala pentsarazten digu, beste biderik ez balego bezala. Horrela, lan-mudura begira jartzen garenean erderazko «Sálvese quien pueda» leloa da nagusi.
Jendarte berekoia eta indibidualista egin nahi dute, eta neurri handi batean lortu dute. Pentsamendu horrek bultzatuta bizi garela dirudi, etorkizuna hortik datorkigula sinistera kondenatuak gaudela erakusten zaigu. Ez dugu sinisten beste bide batzuk badaudela. Begiratzen dugu inguruan eta ematen du balio horietan oinarritutako jendarte batean bizitzea beste aukerarik ez dugula.
Bai, nahiko genuke horrela izan ordez beste modurik balego. Baina, gutxi dira elkartasunean beste lagun batzuekin konpartitutako proiektu batean sartzeko prestatzen direnak. Zaila dela pentsatzen dugu.
Horrela gabiltza. Funtzionario egiteko aukeraren baten bila edo eta bestela, nahiz eta unibertsitateko ikasketak eta abar izan, alegia, curriculum potoloa izan, turismoak eskaintzen dituen erdipurdiko lanpostuetan lan egiten. Nagusi baten menpean bizi beste aukerarik ez balego bezala.
Euskal Herrian kooperatibismoak historia aberatsa du. Era guztietako kooperatibak ditugu eta milaka eta milaka lagun bizi dira lan eredu horrekin, gainera, enpresa kapitalista pribatu arrunt batekin konparatuta abantailak ditu. Eredu kooperatiboa izan daiteke irtenbideetariko bat, neurri batean, behintzat, oraingo krisi honetatik irteteko batentzat baino gehiagorentzat.
Lau mila kooperatiba eta 71.000 lagun ditu kooperatibismoak Euskal Herrian. Badirudi Euskal Herrian dagoela kooperatiba pilaketa handiena munduan eta hori zerbaitengatik izango da. Horrez gain, kontuan hartu behar da krisia dagoen garaietan hedatzen dela gehien kooperatibismoa.
Zergatik kooperatiba eta ez SL bat?
Elkarrenganako konfiantzan oinarritzen den proiektua da kooperatiba. Halaber, ez dago hainbesteko aldea goian dagoenaren eta behean dagoenaren artean, izan ere, kooperatiba bakoitzak ezartzen du eskala.
Kooperatibaren jabetza bazkideena da, eta bere kudeaketa demokratikoa, bazkideen artean egiten baita. Eta amaitzeko, esan kooperatibismoak ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzen duela, beraz, jendartea aldatzea duela helburu.