Autoen jonkiak
Azkenaldian asko hitz egin da 30 Hiria delakoaz. Askotariko kexak entzun ditugu; autoek martxa laburretan gehiago kutsatzen dutela, autobusek ez dituztela ordutegiak betetzen, bizikletek errepidea erabiltzen dutela bidegorritik joan beharrean… Benetan nabaritu al da neurria jarri dutenetik? Oso gutxi.
Hiriak ez daude prest halabeharrez aplikatu behar dituzten araudietarako. Bizi dugun klima larrialdiari aurre egiteko petatxuak dira, eta irtenbideak behar ditugu. Orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzea hainbat kaletan kea gutxitzeko eta hiria lasaitzeko tresna izan daiteke. Dena dela, tresna askoz gehiago behar ditugu guztiontzako hiri berde batera hurbiltzeko.
Bitxia da. Bidaiatzen dugunean natura, oinezkoentzako kaleak eta Europako zenbait hiri goratzen ditugu, autorik gabeko hirigunea dutelako. Hori bai, hiri garbiago bateranzko urratsak egitea tokatzen zaigunean beldurtu egiten gara gure erosotasuna kaltetzen duelako. Horrela, nire galdera ondorengoa da: Erosoagoa da autoa edo droga gisara erabiltzen ari gara autoekiko menpekotasuna dugulako? Iraultza industrialetik hiriak autoen esklabo bihurtu dira, eta hiritarrak jonki. Gaizki ohitu gara.
30 Hiria kontzeptuaren inguruan proposatu diren aldaketei dagokienez, ahaztu egiten zaigu autoa oso barneratua dugula mugikortasun pribatuaren kulturan. Eta hiria baretzeko, zalantzarik gabe, nabarmen gutxitu behar da motordun ibilgailu pribatuen kopurua. Pentsamendu aldaketa bat behar da, bai estrategia politikoan, eta bai alor pertsonalean ere. Ezin dugu dena oraintxe bertan lortu. Hiriak oso azkar bizi dira eta lehen pausoa ematea balazta sakatzea da. Zentzu horretan 30 Hiria ez da nahikoa. Oinezkoa nagusi den bizitegi eremuak behar ditugu, autoak eska dezala baimena pasatzeko, eta ez alderantziz.
Etorkizuneko hiria 8-80 izenekoa behar du izan; alegia, 8 urtetik 80 urtera bitarteko pertsonak arriskurik eta kutsadurarik gabe mugitzeko aukera emango duena.