Auzotarren pausoa
Aste honetan abiatu da Egia pausoz pauso egitasmoa. Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat izango dira bi astez, eta espazio publikoaren inguruko hausnarketa bat egitea da helburua. Proiektu pilotu honen jarraipen berezia egiten ari gara Kalea(n) Bizi elkartea eta Juntura kooperatiba. Auzotarren iritziak jasoko ditugu, eta kaleko mugimenduak zenbatu eta aztertuko ditugu.
Duela hilabete inguru hasi ginen inkestak egiten. Egiako auzotarrei eta auzoan bizi direnei helarazi genien. Eragileekin ere hitz egin genuen. Egiako mugikortasun ohiturak ezagutzeko lehen galdeketa izan zen. Bi aste hauetan, berriz, aurrez aurreko inkestak egingo ditugu. Kalea oinezkoentzat bihurtu ondoren, auzotarrei zer iruditzen zaien jasoko dugu.
Tejeria kaleko mugimenduak behatzen eta aztertzen ari gara. Goiz, eguerdi eta arratsaldetan kalean dauden eta zeharkatzen duten pertsonak zenbatzen ditugu. Horietatik zenbat diren emakumeak eta gizonak, haurrak, txirrindulariak, eta abar. Era berean, kalera sartzen diren autoak kontatzen ari gara. Bi aste hauetako mugimenduak zerrendatuko ditugu grafikoak osatu eta txosten bat idazteko.
Behaketa honen helburua ez da Tejeria oinezkoentzat izan behar duen edo ez erabakitzea. Proiektua Egian bideragarria den jakin nahi dugu, kale horretan bereziki edo auzoko beste kale batean. Izan ere, Egiak mugikortasun arazo asko ditu; espaloi estuak, autoak aparkatzeko leku falta… Badakigu horrek eztabaida asko sortzen dituela.
Lehen aste honetan konturatu gara Tejeria kalean ez dela jende asko ibiltzen. Autoentzako aparkaleku bat da auzotar askorentzat. Oinezkoentzako kalea denetik, ordea, jende gehiago dabil gune honetatik. Erosoago ibil daitezkeela jabetu dira. Era berean, haurrek jolasteko eta adinekoak esertzeko gune bihurtu da.