Auzotarrok, geure buruaren jabe!
Auzotarrok kezka eta amorruz bizi dugu azken boladan auzoan eman den okupazio poliziala eta auzotarron aurkako jazarpena. Parte Zaharreko inork ikusi ez duen “botelloi” baten aitzakiapean, espazio publiko bat indarrez hustu dute, behin eta berriz, justifikaziorik gabe.
Inpunitate poliziala inoiz baino gehiago areagotu da larrialdi egoeraren aitzakiapean, neurri murriztaileak era maltzurrean eta bidegabean erabiliz. Manipulazio mediatikoaren akuilupean, ertz asko dituen krisialdi honen aurrean Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketa eskasetik fokua desbideratu eta gazteak pandemiaren erantzule egin dituzte.
Nola azaldu bestela Gabonak “salbatu” nahi izatea eta, gero, erantzukizunaren izenean, gazteak egurtzea? Nola justifikatu, osasun langileak lanez lepo dabiltzanean inbertsio publikoa Ertzaintzaren 53 furgoneta blindatu berri erosteko erabiltzea? Hipokrisia hutsa! Iritzi publikoa manipulatu, gazteak kriminalizatu eta auzoko bizitza zapuztea beste helbururik ez dute gertaerek.
Auzotarrok aski burujabe gara elkar zaintzeko, horren erakusle dira, gainerako neurriak betetzeaz batera, 22:00etarako auzoko kaleak hutsik egotea. Etxeratze aginduak dirauen hilabete luzeetan ez da inolako istilurik izan auzoan; Ertzaintza, pedagogia egiteko inolako asmorik gabe, munizioz lepo, auzotarren aurka oldartu denean salbu. Arazorik ez dagoen lekuan, istilua sortzeko helburu argia dute. Trinitate plaza auzotarrok aire librean lasai egoteko dugun espazio gutxietako bat dugu. Gauero 21:00etan udaltzainen esku dagoen plaza itxiera, kasualitatez, 20:30tan Ertzaintzaren esku geratu da. Auzoko gazteek, pandemia egoeraren jakitun, osasun publikoaren izenean hartutako neurriak betetzen dihardute. Horrek, baina, ez du esan nahi auzo-komunitateko harremanak eten behar direnik ezta espazio publikoan lasai egoteko eskubidea urratu behar denik ere.
Gertaerak ez dira ausaz sorturiko errealitatea. Gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Aitzitik, ekiteko modu zehatz baten emaitza da okupazio poliziala: auzotarrak kontrolpean eta beldurturik edukitzeko, espazio publikoaren erabilera modu arbitrarioan gauzatzeko eginahala (gazteen kriminalizazioaz gain, ez baita kasualitatea hotzaldi betean Plaza Berrian aterpe hartu duten etxegabeak, alternatibarik gabe, behin eta berriro goizeko ordu txikitan bertatik kanporatzea). Finean, pultsu polizial honek auzo eredu zehatz bati erantzuten dio, eta Alde Zaharraz ari bagara ere, hiria bizi eta biziarazteko eredu zehatz bati erantzuten dio.
Turismoari alfonbra gorria eta auzotarroi kasko gorriak. Horra gure Donostia! Zein da udalak auzo honi ematen dion balioa? Zein eskaintzen zaigun hiri eta auzo proiektua? Tabernetan gaizki, etxeetan okerrago eta, orain, etxeratze agindua baino lehen, kalean ere ezin dugu egon; kolektiboan harremantzeko gune guztiak debekatzen dituzte. Gaztetxea itxi zutenean izaniko boterearen erabilera harroputz bera darabilte. PNV eta PSEren udal gobernua, auzotarren zerbitzura egon beharrean auzotarren aurka ari da, elkarren arteko botere harreman desorekatu eta toxiko bat elikatuz. Aisialdi eredu jasangarri eta auzoarentzat proiektu burujabe bat diseinatzen utzi beharrean, polizia gazteak kolpatzera bidaltzea ez da zilegi. Aski da, bizilagunok auzoaren etorkizuna bermatuko duen soluzioak behar ditugu, auzoa eta auzotarrak elkar zainduko dituen eredua behar dugu, norbanakoa baino komunitatea lehenesten duena eta ondokoa salatu beharrean, injustiziak salatzen dituena.
Arazoa ez dute gazteek, istilurik ez dagoen lekuan, istiluak egon daitezen auzoa militarizatzea beste aterabiderik nahi ez dutenen kudeaketan baizik, eta hantxe egon beharko luke eztabaidaren fokuak.
Guztiontzat bizigarria den auzo bizi bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu, auzotik eta auzoarentzat alternatiba burujabeak sortzen, auzotarron artean elkar zaintzen eta eztabaidatzen; eta nola ez, eredu horren aurka ekiten dutenen aurrean, auzoa defendatzen!