Babesgabe
Larunbatean, aspaldiko partez, metroaren obrek esnatu ninduten, 8:00etan. Amara azpian zulatzen ari diren tunelaren hasierara itzuli dira makinak, zuloa zabaltzeko. Oraindik urrun entzuten zen zarata, baina segituan sentitu nuen ezinegon handia, eta beldurra: ohartu nintzen datozen asteotan auzook berriro jasango ditugula zarata maila onartezinak. Beldurgarria da, orain gure gorputzek badakitelako zer den gauez kolpetik esnatzea etxea gainean eroriko dela sentituz, hainbat egunez jarraian ordu gutxi batzuk –edo batere ez– lo eginda lanera joatea, buruko mina ezin kentzea, etxean ezin kontzentratzea, hainbat astez pilatutako nekea ezin arintzea. Eta ez dugu hori berriro bizi nahi.
Eta ziurgabetasunak ez du laguntzen; ez baitakigu zein baldintzatan arituko diren lanean. Apirilean, aste askotako kexen eta protesten ostean, Easo-Mirakontxa tarteko obrak gauez etetea lortu genuen auzokook, baina ordutik, Donostiako Udala ez da gai izan argitzeko zein araudiren arabera zehaztu behar den gaueko ordutegiaren iraupena –ez aurrez aurre, ez telefonoz, ez idatziz egindako eskaera ugaritan–. Obra kontratuaren arabera, gaueko tartea 22:00etatik 8:00etara da, baina lanean egoten dira 23:00etara arte, eta 7:00etan abiatzen. Hori, teorian: egun batzuetan ez dira gelditu 00:00ak arte. Eta halakoetan, babesgabe gaude herritarrak: alferrik da udaltzainei deitzea –haiek ere ez dakite zein arau dagoen indarrean–, udaletxera joatea, edo ETSri azalpenak eskatzea. Bizilagunok ziurtasun bakarra daukagu: obran nahi dutena egiten dute, egin dezaketelako.
Tamalez, ohitu egin gara. Azken hilabeteetan ezintasun handiz berretsi dugu erakundeen lehentasuna ez dela herritarrak zaintzea. Politikarien leloari erreparatuta, pertsonak lehentasun izango bagina, lehen bizilagunaren lehen kexa nahikoa izango litzateke gutxienez egoera aztertzeko eta neurriak hartzen hasteko. Obretan ardura duten erakundeak, ordea, ihes egiten ari zaizkie herritarrekiko erantzukizunei. Udalak eta ETSk ez gaituzte artatu, ez dira gure osasunaz kezkatu, ez diete gure agiriei erantzun. Eta gutxietsi egin gaituzte, esanez jasaten ari ginen zarata ez zela hainbestekoa, edo kexa gutxi aurkeztu ditugula. Burokraziaren armiarma sarean ito nahi izan gaituzte, udaleko eta Eusko Jaurlaritzako sail batetik bestera, arauetan eta kontratuetan bueltaka… nekatuta, amore emango genuelakoan. Baina aldarri oinarrizkoenen artean, gutxi izango dira Lo egin nahi dugu bezain funtsezkoak.
Herritarrok babesteko ardura duten erakundeek babesgabe utzi gaituzte. Irizpide objektiborik gabe interes orokorreko gisa izendatutako proiektu bat gailendu zaie gure atsedenari, osasunari eta oinarrizko eskubideei. Herritarren eskubideak eta ongizatea defendatzeko arauak ez badira betetzen, erakundeek ez badituzte betearazten, zein tresna geratzen zaigu bizilagunoi?