Basque Culinary Center-i (Mondragon Corporation)
Prentsaren bidez jakin dugunez, gure hiria jasaten ari den espoliazioan parte hartu nahi duzue, ondasun gosea eta etika ezagatik; bi osagai horiek ez lirateke inoiz faltako inongo ikastetxetan, eta are gutxiago Basque Culinary Center-en.
Manteoren orubea, duela 100 urtetik hona, Ongintzako Batzordearena da, eta garai bateko ospitale probintziala eraikitzeko erosi zuen, baina betidanik mantendu ditu ekipamendu sozial eta publikoak.
Ospitalea Zorroagako gainaren eraikuntza berrietara lekualdatu ondoren, Manteoko orubeak urte batzuetako utzikeria jasan zuen, harik eta udalbatza demokratiko batek, hiria egiteko asmo berarekin, Donostiako komunitateari ekipamendu sozial eta publikoak emateko plan berezi bat onartu zuen arte. Manteoko orubea 80ko hamarkadako hirigintza iraunkorraren adibidea da.
Basque Culinary Center (Mondragon Corporation) fundazioak donostiarrak eskandalizatu berri ditu, bereziki Grosekoak eta Uliakoak. Uliako mendi magalean gizarte ekipamendura bideratutako egitasmo baten helburuak hutsaltzen saiatzen ari direlako.
Hirigintzako zuzendaria den Jon Txabarri jaunak duela oso gutxi Manteoko orubetik oso gertu dagoen Mariaren Bihotzaren elizaren oruberako plan bereziaren espedientearen berri eman du. Ulia-Ategorrieta inguruan, jada, ikastetxe gehiegi daudela esan du. Gero, espero dezagun zentzuduna izatea.
Lurzoru publikoko ondarearen zati eder bat zuek eskuratu zenuten Miramonen, eta berriz ere asmo berbera duzue. Baina horrek ez luke hain erraza izan behar, are gutxiago xede hori lortzeko herritarren benetako behar sozialei muzin egiten dien propaganda kanpaina indartsua eta maltzurra abian jarrita.
Propaganda eta marketin lehiaketetan dirua xahutu ordez, oso garestiak baitira, zuen proiektu handiusteak ezartzeko lurrak erosteko erabili zenezaketen diru hori. Zuhurrago jokatu beharko zenukete, guztion onerako diren beste behar sozialei erantzuteko baitira udal ondareko lurrak.