Beldurra eta fantasia
Zineaz aritzeko abagunea eman dit HITZAk. Hau irakurtzen duzunerako Beldur eta Fantasia Zinemaldia amaitua izango da. Saria nagusia edozein filmek irabazita ere, nago merezimendu handieneko lanak ez direla tartean. Izan ere, azkenaldian generoa landu dute hamaikatxo obrek, Zinemaldiaren aitortzarik gabe: Francoren tokialdaketa eta inguruan pilaturiko zonbiak, kasurako.
Moncloa Productions ekoiztetxeak ez du inoiz hutsik egiten. Noizean behin arduradunak txandakatu arren, irizpide nagusiek bere horretan darraite. Horrek ez dio, baina, freskotasun edo harritzeko gaitasun apurrik galarazi. Aurten, gainera, marka guztiak hautsi dituzten bi bideo egin dituzte. Batak, Everybody’s land (Irene Lozano eta Josep Borrell, 2019) Espainia herrialde demokratikoa dela esateko. Beste bideoa Moncloa Productionsen mendeko enpresa txiki batek egin du (izen ez ofiziala, Spain is a democracy porque yo lo digo, Irene Lozano –beste izen batekin sinatua–, 2019) Espainiako onurez gain, politikari independentisten doilorkeriari buruzkoa ere bada.
Biak ala biak nazioarteko publikoari begirakoak dira eta biek ederto uztartzen dituzte Espainiak maisuki landu izan dituen hainbat genero: absurdoa –ikus Amanece, que no es poco (Cuerda, 1988), La escopeta nacional (Berlanga, 1978)–, fantasia – ikus Mozal legea indargabetzea eta Aberatsei zergak igotzea (Sanchez, sine die)– eta beldur psikologikoa – ikus Garzon, Del Olmo eta beste hainbat, omni tempore –.
Egia da aurten Moncloa Productionsen lan ugarik – Via Laietana 2019 Marlaska, Callao 2019 Marlaska– indarkeria modu gordinagoan mahaigaineratu dutela. Lan horiek, baina, ez dute nazioarteko publikoa helburu izaten, baizik eta espainiar barne merkatua: etxekoenei poz eman eta etxekotu nahi direnak ondo «hezteko» egiten dira. Kanpora begirako lanetan, aldiz, indarkeria hori zuzenean agertzen ez bada ere, ikusle trebatuak jakin badaki hor atzean dagoela. Horrela sortzen da beldur psikologia, ikusi gabe ere antzeman egiten den arriskua, beste hainbat bideotan ikusia dugulako.
La Sextako kritikoek jakin izan dute lan horiei balioa aitortzen –neuk ikusten ez dizkiodan ezaugarriekin bada ere–. Donostiako Beldur eta Fantasia Zinemaldiak, ordea, absurdoa eta fantasia oso maiteak izanda ere, ukatu egin dio edozein sari Espainiako Gobernuari. Sitgesko Zinemaldiak ez bezala. Jaialdi katalanak gaian sartu nahi izan zuen eta aldarrikapena atera zuten presoak kaleratzearen alde. Alegia, antitesia proposatu zion Espainiako Gobernuari. Hori dela eta, hainbatek leporatu zion Sitgesi busti izana. Tartean argudio mamistua: ez omen zinema eta politika nahastu behar. Ez horixe, ez.