Beste modu batera, baina bizi!
Eta, urtarrilean, San Sebastian egunean, zer gertatuko da? Auskalo, zenbat aldiz egin den galdera hau, eskoletan, elkarteetan, etxeetan, kuadrilletan bakoitzak bere buruari.
Laster zurrumurruak sortu ziren: ez da ezer egongo, taldeka ospatuko da, beste egun batean, pandemia bukatu eta gero, eta abar. Iritzi asko daude, denok daukagu ideia berezi bat gure eguna ospatzeko, eta batez ere urte honetan. Aspalditik danborrada sentimendu bat dela entzun nuen, eta hor dago koxka. Kanpotik agian zoro talde baten kontua dela dirudi, egun osoa danbor batekin jo eta jo… eta ez da ulertzen. Baina danborrada ez da ulertu behar, bizi baizik.
Horregatik, aurten nola egin daiteke gure sentimendu berezi hau bizitzeko? Pistak eta gonbidapenak jasoko ditugu, baina modu bakarra dago, gure santu gisa, urte berezi honetan gure festa berezia ospatzeko.
Egoera ikusita ez dago asko pentsatzeko, eguna iritsiko da eta pandemia ez da joan, orduan etxean, geratuko gara, bakoitzak bere etxean, bere burbuila taldean, balkoitik edo leihotik edo egongelan edo telebista ikusten, irratia entzuten edo interneten, baina etxean.
Egun hauetan arraro sentitzen naiz, saiorik gabe, materiala prestatu gabe, afaririk antolatu gabe, eta … Denok sentsazio arraro hori izango dugu, zoritxarrez lasaiegi gaude egun hauetan. Nire ustez, ordea, barrutik sentitzen duguna askoz ere garrantzitsuagoa da.
Danborrada bizi dugunok, gure barruan, auskalo non, txoko bat daukagu gure sentimendua, gure zirrara gordetzeko. Askotan sentimendu hori ezkutatuta egoten da 363 egun, baina txoko hori pixkanaka agertzen doa.
Noiz? Hemeretzi arratsaldean edo gauean edo hogeian Haur Danborradaren orduan edo gaueko zortzi eta erdietan, Euskal Herria kalean, elkartearen parean, bat-batean sentitzen eta bizi dugun guztia aterako da.
Nola? Ez dakit, baina aurten ere danborrada biziko dugu, beste modu batera, barrutik, urtero bezala txokoa irekiko da eta gure bizipenak aterako dira.
Horregatik, aurten ere danborrada bizi, beste modu batera, baina bizi!