Beste saiakera bat
Igeldoko auzia aspaldikoa da. Eta urte hauetan babesa eman izan diguten beste herrietako lagunak galdezka hasi zaizkigu prentsan irakurritakoaren harira: «Nolatan hartu duzue bide berri hau?».
Ez, ez da bide berria deszentralizazioarena. Egia da, ordea, desanexioaren prozesuko azken mugimenduek oihartzun mediatiko handia hartu zutela, eta, ondorioz, aurretik izandako gertaera guztiak itzalpean geratu zirela.
Igeldoko aferaren arrazoi historikoak aspaldikoak dira, baina azken urteetako auzia kokatzeko, igeldotarrek udalari deszentralizazio eskaera bat luzatu zioten garaira joan behar dugu. 1991. urtera, hain zuzen ere. Donostiako Udalak, ordea, ez zion jaramonik egin eskaerari.
Geroztik, hausnarketa prozesu bat hasi zen Igeldon, eta Igeldoko biztanleek beraien egoera hobetzeko aukera desberdinak aztertu zituzten. Horien artean zeuden deszentralizazioa eta desanexioa. 1994an galdeketa egin zen eta gehiengoak erabaki zuen desanexioa nahi zuela. Hala ere, udalaren eta aldundiaren oztopoak tarteko, Igeldoko afera luzatu egin da.
Odon Elorza alkate zela, beste saiakera bat egon zen deszentralizazioaren inguruan. Lau urtez negoziatzen aritu ostean, udalak atzera egin zuen.
2013an aldundiak Igeldon beste galdeketa bat egin zuen. Orduan ere, gehiengoak desanexioaren alde bozkatu zuen. Eta aldundia Igeldo udalerri izendatzera iritsi zen. Udalaren helegiteak tarteko, erabakia bertan behera utzi zuten epaitegiek. Horretarako, aldundiak eta Espainiako Gobernuak onartu berri zituzten legeak baliatu zituzten, hauek herri txikien sorrera debekatzen baitzuten.
2019an udalak proposamena luzatu zion Herri Kontseiluari Tokiko Entitate Txikiaren gaia lantzeko. Argi dugu prozesu berri hau hasi izana, herri honek urte askotan egin duen borrokaren emaitza dela. Udalak ezin du Igeldok duen herri nortasuna gehiago ezkutatu. Hala ere, ikusteko dago negoziatu behar dugun deszentralizazio honek Igeldoren nortasuna eta hobetzeko nahia asetzen dituen. Noski, hau guztia desanexio nahia baztertu gabe. Herritarrek erabakitakoa horixe izan baita, eta administrazio guztietako herri ordezkarien lehentasuna hori izan beharko litzateke, herriaren borondatea errespetatzea.