Bi liburu gomendagarri
Lagun batek dio filosofia zer den euskaraz esan beharko balitz badagoela hitz bat oso ondo adieraz dezakeena: jakinmina. Filosofia hitza euskarazko hitza ere bada, baina hitz hori bezain egokia eta geureagoa, agian, jakinmina litzateke, izan ere filosofoa eta jakinmina duena sinonimoak lirateke.
Bueno, eta zertara dator hau? Durangoko azokan askok dugu liburuak erosteko ohitura.
Ondoren, erositako liburu horiek urtean zehar irakurtzen ditugu. Horrela, Joseba Sarrionandiaren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? egileak aspaldi idatzitako Ni ez naiz hemengoa eta Narrazioak izenekin ateratakoen antzekoa da, baina, gaur egungoa da eta Kuban idatzia. Hala ere, nabari da segitzen duela egungo munduan eztabaidan dauden pentsamenduak, eta zer esanik ez Euskal Herrian pil-pilean ditugun gaien inguruko gogoetak egiten.
Jakinminak eraginda idatzitako liburu batean gaude, dudarik gabe. Sarriren azken liburu honetan Banda armatua (133.or.) deitzen den testu labur bat dago. Testu honetan Heinrich Von Kleistek idatzitako Michael Kohlhaas (1811) nobela erromantikoaren laburpena egiten du Sarrik.
Michael Kohlhaas deitzen den nobela hau alemanieratik euskarara Xabier Mendiguren Bereziartuak itzuli zuen duela 25 urte, eta orain, 2019an, txukunketa eta J. Sarrionandiaren hitzaurrearekin argitaratu du Katakrak argitaletxeak.
Heinrich Von Kleistek idatzitako nobela honek XVI. mendean Saxonian girotzen den nekazarien matxinada hartzen du oinarri, garai hartako justiziak nola jokatu zuen jende menperatuarekin azaltzeko. Oso gogorra eta aldi berean entretenigarria den kontakizuna idatzi zuen, nahiz eta Donostiako sarraskia baino bi urte lehenago idatzitakoa izan.
H. Von Kleistek Luteroren garaian kokatzen du nobela, Prusiako estatuan. Bera, berriz, Kant filosofoaren garaikidea zen. Boteretsuek zuten justizia zein zen oso ondo adierazten da. Aspaldiko gertakizunak kontatu arren gaurkotasun handia du.