Bide sinesgarriak
Kataluniako prozesuaren aparretan sortu ginen, independentzia posible zela sinetsi genuen egun haietan. Bizkarreko haizea zetorkigun bertatik eta erraza zirudien aurrera egitea.
Aparra jaistean, ugaritu egin ziren Kataluniari buruzko irakurketak eta, gehienetan, fokua jendarte antolatuaren garrantzian jarri beharrean, parlamentuan jarri zuten. Prozesua alderdien arteko gorabehera katramilatsuekin identifikatzeraino.
Independentismoaren zeregina bide sinesgarriak eraikitzea da. Baina badira bide mota bat baino gehiago: bide sinesgarria eta bide errealista, hain zuzen ere. Indarrean dagoen errealitateak, gauzak ezin direla aldatu errepikatzen digunak, eraiki du bide errealista. Bide sinesgarria, berriz, normalkeriaren baldintzetatik haratago diseinatu eta zabaldu den bidea da, errealitate instituzionalen mugak gainditzen dituena. Eta, ondorioz, jendartearen sinesgarritasuna duena.
Zergatik ez?-en arma nagusia pedagogia independentista deritzoguna da. Hau da, auzoan, egunerokoan, eragiten diguten arazoetatik abiatuz, euskal errepublikaren beharra hainbat modutan azaleratzea. Ditugun arazoak ez baitira abstraktuak, sufritu egiten baititugu eguna joan, eguna etorri. Etxebizitza garestitzea, gizonezkoa emakumezkoaren gainetik egotea, lan baldintza eskasak… Arazo estrukturalak dira, alderdi batek edo besteak botere instituzionala hartzeak konpondu ezin ditzakeenak. Ondorioz, uste dugu, egunerokoan eragiten diguten arazoak konpontzeko Espainiatik ateratzea ezinbesteko baldintza dela.
Zergatik ez? independentziaraino helduko den bide sinesgarria eraikitzen hasteko saiakera da. Prozesu independentista alderdien prismatik irudikatu beharrean, jendartearen gidaritzatik eta jendartea helburu izanik irudikatuko duena.
Berriki, Sea Watch 3-ko kapitainak, Carola Racketek, egin duen bezala, injustuak diren legeak ez obeditzen hasteko bidea. Bide sinesgarria eraikitzen hasteko bidea.