Bizikidetza gure artean
Jugoslavia ohiari buruz telebista batean emandako erreportaje batek bultzatu nau artikulu hau idaztera. Izan ere, guda amaitu zenetik urte batzuk pasatu diren arren badirudi bertan bizi den jendearen artean – Hertzegovina, Kroazia, Eslovenia, Mazedonia, Montenegro, Serbia eta bi herrialde autonomo: Kosovo eta Voivodina– ez dutela armonian bizitzerik lortu, nahiz eta guztiak eslaviarrak diren, albaniarrak izan ezik. Dirudienez, erlijioa izan da zatitzaile nagusia.
Egoera horrek, zer pentsatua ematen du. Eta hemen, gure artean, zein den bizikidetzari dagokionez dugun errealitatea aztertzen has gaitezke. Eta hori egitean, beharbada, ez gara bat etorriko. Dena dela, nik neurea egingo dut aurtengo udan izan dudan bizipena azalduz.
Ia amaitu zaigun uda honetan beste herritar asko bezala Kontxako hondartza disfrutatzen aritu naiz, eta egia esan, esan behar dut benetan disfrutatu dudala hondartzaz. Itsas ertzean paseoak egin ditut, bainuak hartu ditut itsasoan, aldagela publikoak probestu ditut dutxa beroa hartuz, lagun eta ezagunekin berriketa aldiak egin ditut. Gustura ibili naiz.
Ikusi dut mota askotako jendea ibiltzen dela hondartzan zehar bueltak ematen, neu ibili naizen bezala. Konturatu naiz lehen zeuden toldo zuri-urdinak ez daudela, eta, egia esan, ez ditut faltan bota. Ikusi dut adin guztietako jendea ibiltzen dela edo egoten dela eguzkia hartzen, gehienak helduak badira ere. Ikusi dut pentsaera, izaera, arraza, nazionalitate desberdinetako jendea ibiltzen dela: atzerritarrak, etorkinak, latinoak euren «Kaba» eta musika aparailuekin, magrebtar gutxi batzuekin ere topo egin dut. Donostiako «aristokratak» izan dira ikusi ez ditudanak, nonbait Iparraldeko hondartzetara edo joango dira.
Eta pentsatu dut gure arteko bizikidetza beste leku batzuetakoa baino okerragoa ez dela, baizik, hobeagoa eta demokratikoagoa dela, gizatiarragoa, alegia.