Bizitzaren paradoxa
Gazte askoren pentsamoldearen oinarrian carpe diem bizi eredua nagusitu da, gozatzeko eta momentua bizitzeko abagunea. Ideia hori aski errotua dagoela sumatzen dut gazteriaren artean, dagoena hartu eta etengabe besarkatzeko hautu irrazional baten antzera. Ostera, nola ulertu beharko genuke bizitza egungo testuinguruan?
Bakoitzak bizi duen bizi eredua ez dago nahi edo desio indibidualen esku. Bizitza, gizarteko kondizio material zein kulturalen arabera garatzen da ezinbestean, etengabeko klase sozialen arteko guda nabarmenean. Egungo gizarte eredu nagusian edo hegemonikoan kapitalak agintzen du, eta bizitza bera, kapitalarekiko antagonismo nominal huts bat izatetik urrun, kapitalak berak sortu eta baldintzatzen duen prozesua da. Izan ere, kapitala da gizartean bizi eredu bereizgarriak sortzen dituena, batzuk aberastasun eta botere gaitasunean oinarrituta, eta beste batzuk, pobrezia orokortuan oinarrituta.
Netflix, Instagram edota berriki ateratako Play Station 5-aren aisialdi ereduaren munduan bizi gara, masa kultura despolitizatua, gazteen alienazioaren ezaugarri. Gazteriaren baitako interbentzio kultural orokor baten atarian gaude, non egungo gazteen gehiengoari norbanako interes indibidualen markotik at kokatzen diren arazoetan konpromisorik hartzeko interes eta gaitasun falta nabariak diren. Pobrezia eta askatasunik gabeko testuinguruan bizitzea egokitu zaigun gazte belaunaldiak, ardura gisa ulertu beharko genuke errealitatearen baitako konfigurazio konplexua ulertu eta bertan eragiteko beharra. Etorkizun beltza mehatxu bat baino, begi aurrean dugun errealitatea da; ukazioa edota ezikusiarena egitea da biderik erosoena.
Azken asteetan ezarri diguten diziplinamendu sozial eta politikoaren baitan, gazteok ere badugu zeresana, eta zeregina; gure ongizate fisiko zein emozionala biltzen dituen osasunaren eta arbitrarioki egun batetik bestera kendu dizkiguten eskubide zein askatasun politikoen alde borrokatzea besteak beste.
Kapitalaren eginbeharra da bizitza sortzea eta hura modu ezberdinetan disfrutatzeko eredu ezberdinak inposatzea. Langileona, berriz, pobrezia eta askatasunik gabeko bizitzara kondenatzen gaituen hura errotik deuseztatzea, eta bizitzaren gaineko aukera eta baldintza berdinen alde eraginkortasunez antolatzea eta borrokatzea. Pobrezia orokortua ala antolakuntza komunista. Horra hor bizitzaren paradoxa!