Black Lives Matter
Bai, beltzen bizitzak inporta du. Hau irakurtzen ari den inork ez duela ukatuko deritzot. Hala ere, ez da hori errealitatea, ez behintzat leku guztietan; bestela, ez lirateke hain erraz hilko. AEBetan hasitako mugimendu honek sustrai sakonak ditu, bai bertako jendartean, baita beste lurralde askotan ere.
Arrazakeria zuriaren gehiegikeriak Amerikako beste lurralde asko ere blaitzen ditu. Horregatik, AEBetan hasitakoa beste lurralde askotara zabaldu da: Perura, Boliviara, Ekuadorrera, Txilera, Kolonbiara, Mexikora, eta abarrera. Hedatzen doan mugimendua da. Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta guztietan komunak diren supremazista zuriak agertzen dira. Horien aurka, askotan sinbolikoak diren ekintzak egiten dituzte. Ekintza horietan, orain arte nazioaren sinbolo izan direnak ere agertzen dira. Asko eta asko konkistatzaile eta militarrak izan zirenak, eta tartean esklabistak izan zirenak ere bai. Identitate nazional berri baten aldeko borroka hau hasi besterik ez da egin.
Ez da urrutira joan behar ordea, desberdinaren aurkako bazterkeriak gure herrian ere historia beltza duela ikusteko. Ijitoen, mairuen eta beltzen aurkako jarrerak gure artean ere indarra izan du. Legedian, foruetan islatuta gelditu da. Gaur egunera etorrita, berriz, hor ditugu hurbil-hurbileko etorkinak, segitzen dutenak bazterkeria nozitzen. Baina, ez naiz hasiko etorkin horien egoera aztertzen.
Esaten dute herri edo hiri bateko kale izendegiak adierazten duela leku horren nortasuna. Gure inguruko herrietara begiratzen dut eta Elizkale, Erdikale, Goikokale, Plaza berria eta antzeko izenak ikusten ditut. Aldiz, Donostiara begiratzen dut eta ez da horrela. Gure Donostia desberdina da. Hemen erregeak, erreginak, militarrak, jauntxoak, beltz-tratulariak, konkistatzaileak, esklabistak, eta abar dira kale izendegia osatzen dutenak.
Zenbait izen sakratuak direla dirudi, ezin direla aldatu, alegia; nork agindu berdin dio. Gure hiri honetan errege pila bat dugu kale izendegian, Errege Katolikoetatik hasita. Borboiak ere pila bat dira (Bartzelonako kale izendegitik Borboi guztiak kendu zituzten). Gero, hor segitzen dute konkistatzaile eta hiltzaile mordo batek, historia beltza dutenak: Okendotarrak, Katalina Erausoren moduko maputxe hiltzailea, zeinak ama-umeak ezpataz biak batera sastatzen abila zen.
Militar horien artean «liberalak» deituriko asko zeuden, eta egin zituzten gudak eta horien ohorez jarritako kale ugari ditugu, esaterako, San Marzial kalea eta Konstituzio plaza.
Gero, baditugu «ilustre» usteko izen mordoa. Horiez gain nazional-katolizismoak jarritako «mamotreto» bat ere badugu.
Ez dakit noiz arte segituko dugun horrela, baina, bada garaia heltzeko gaiari ,eta kale izendegi hori demokratizatzeko.