Botoa ematekotan…
Duintasunez bizi ahal izateko, bozkatuko nieke, batez ere, egoera okerrenean dauden alargunen egoera lehenbailehen konpontzeko borondatea dutenei; baina, oro har, pentsiodunen eskaerak beteko dituztela agintzen dutenei, bidezko direlako.
Zaharren egoitza publikoak eta arreta zerbitzu duina dutenak nahi dituztenei, eta itxaron zerrendak mozten saiatzen direnei. Han lan egingo dutenei lan baldintza duinak eskainiko dizkietenei. Etxean bakarrik bizi nahi eta horretarako aukera dutenei lagunduko dietenei, herri aurreratuetan aspalditik egiten duten moduan, erraztasunak emanez.
Langabezia murriztuko duenari, horretarako lan-orduak egokituz eta murriztuz; horrela, lan egiteko aukera izateko, eta ordu gutxiago lan egiteko. Hau da, denok lan egitea lortu, baina, ordu gutxiago egiten lagunduko dutenei.
Bai, helduen euskalduntze-alfabetatzearen sektorea indartuz, ahaldunduz, alegia; bai, doakotasuna behingoz errealitate bihurtuz, euskararen alde lan egingo duenari. Une honetan, euskara katalanenaren mailara ekarriz, horretarako egin behar diren arau aldaketak eginez. Esate baterako, turistifikazioaren ondorioz kanpotik datozen ostalaritza eta merkataritza frankiziei esanez behartuta daudela herritarrei eskainiko dioten zerbitzuan horien hizkuntza eskubideak errespetatzera; hori arautzen dutenei emango nieke botoa.
Horrez gain, botoa emango nieke inora ez daraman AHTaren modukoetan dirurik xahutuko ez lukeenari, eta Donostiara etorrita, metro zentzugabean dirurik xahutuko ez lukeenari.
Halaber, munduaren ikuspegi ekologikoaren aldekoa naizenez, botoa emango nieke zentzurik gabeko erraustegiaren aurka daudenei. Osasunarentzat kaltegarria dela guztiok dakigunez, inongo justifikaziorik ez duen erraustegiaren aurka dagoena bozkatuko nuke, norbait bozkatzekotan.
Botoa ematekotan, emango nioke berdintasunaren alde eta diskriminazio ororen aurka, nola generoari dagokionez, hala arrazari dagokionez, lan egiten duenari. Eta beti lehenetsiko ditut jendearen ongizaterantz bideratutako egitarauak, nahiz eta jakin egingo dudan aukera ez dela izango bozkatuena.