Bueltan dira inauteriak
Burura etortzen zaidan lehenengo galdera da: zer dira inauteriak niretzat? Inauteriak dena dira niretzat, txikitatik bizi izan ditut lehenengo eguna izango balitz bezala, eta urtero asko hunkitzen naiz. Hala ere, inauteriak ez dira asteburu bat bakarrik, irailetik bizi behar den esperientzia bikaina da, eta hasieratik eta asteburuero gozatu behar dituzu.
5 urte nituenean nire amarekin batera lehenengo aldiz atera nintzen Tantai Loiola konpartsan; zoritxarrez, konpartsa hura desagertu egin da. 5 urtez atera nintzen konpartsa hartan, eta urte haiek zoragarriak izan ziren. Ondoren, urtebeteko atsedenaldia hartu nuen, eta hurrengo urtean Mystic konpartsa sortu zen. 10 urteko ibilbidea egin du jada. 10 urte horietatik pare batetan ez nintzen atera: behin, lanagatik, eta beste urtean, Argentinan nengoelako praktikaldi boluntario bat egiten.
Gaur egun 26 urte ditut; beraz, bizitza erdia baino gehiago inauterietan eman dut, eta atera ez nintzen urteak urte gogorrenak izan ziren niretzat: inbidiaz jota ikusten nituen, eta malko pare bat ateratzen zitzaizkidan.
Aurreko urtean COVID-19a dela eta, ez ginen atera. Urte gogorra eta berezia izan zen, baina bazeuden beste gauza batzuk garrantzitsuagoak momentu horietan, eta inauteri zaleak garenok bagenekien urte hobeak egongo zirela inauterientzat. Aurten antzeko egoeran sartu ginen irailean, eta ziurgabetasun handia zegoen; azken finean, irailean hasten ditugu entseguak, eta artean inork ez zekien zer gertatuko zen gure inauteri maiteekin. Iraila eta urria bitartean ez genuen informazio berririk izan, eta nire inguruko jendea desmotibatzen hasi zen, baita ni neu ere. Ordea, azkenean azaro hasieran espero ez genuen mezua iritsi zitzaigun: «2022an inauteriak ospatuko dira». Hala ere, denboraz larri genbiltzan, prestatu beharreko guztia prestatu ahal izateko denbora mugatuan, baina bagenekien guztien ahaleginekin aurrera aterako genituela. Izan ere, zalantza asko zeuden ospakizunaren inguruan, eta egun batetik bestera egoera okertzen baldin bazen inauteriak geldiaraziko zirela. Aitzitik, kostata, baina azkenean inauteriak hemen ditugu, kantoian buelta emanda. Azken egun hauek nahiko arraroak izaten dira, alde batetik urduri gaudelako, baina bestetik, irrikaz gaudelako inauteriez gozatzeko.
Beraz, mundu guztia gonbidatzen dut urte batez inauteriak barrutik bizitzera. Ziur nago ez direla damutuko inoiz esperientzia horretaz.