Dena aldatzeko… auzo antolakuntza?
Egun batzuk pasa dira jada Ategorrieta 43ko bi bizilagun etxegabetu zituztenetik. Azora putre funtsak bultzatuta, atarian bildu ziren Polizia (bere funtzio sozialari men eginez) eta Azorako ordezkariak, bizilagunak kaleratzeko asmotan. Kanpoan, hainbat mugimendutako jende andana bildu zen «etxebizitza eskubidea» aldarrikatuz etxegabetzeari aurre egiteko asmotan. Gaurko zutabea, honelako egoeren aurrean aurkezten zaizkigun proposamen politiko antzuak eztabaidara eramateko aprobetxatuko dut.
Etxegabetze kasu batek izan dezakeen karga sentimental eta morala albo batera utziz, irakaspen politikoak ateratzea da hauek errepika ez daitezen saiatzeko oinarrizko lehen premisa. Nabaria da, eta demostratzen da behin eta berriro, auzo zein bizilagunen plataformek muga nabariak dituztelaputre funtsei zein bankuei errealki aurre egiteko. Nola garaituko ditugu, ba, maila internazionalean antolatuta dauden banku zein funts sistemak auzo mailatik eragiten? Edo programa politiko zehatzik ez duten auzo elkarteetatik tiraka? Errealitate bat baino, fantasia hutsa da honakoa, eta auzi sozial guztietara eraman daitekeen kontua da. Arerioaren joko-zelai berean jokatzen hasi ezean, bera indartzen duten proposamen atomizatu eta lokalistak loratzen dira.
Oinarrizko beharrizanak bermatzeko borroka edota bizitzaren garestitzearen aurkako borrokan, berebiziko garrantzi dauka zein perspektibarekin egiten dugun lan. Honek, ez ditu berehalako emaitzak emango seguruenik, baina biztanleria xumeenaren babesgabetasuna gainditzeko programa politiko eraginkor bat behar da, eskala txikienaz baino harago ulertuko duena. Elkartasuna, finean, ez da hainbeste momentu puntualetan laguntza ematea soilik, baizik eta gehien sufritzen daudenekin batera, beharrizanak asetuko dituen programa komunista eraikitzea, eta hori erronka handia da.
Ez gaitezen nahastu, hemen arazoa ez da Eneko Goia eta bere kudeaketa txarra, bestela galde diezaiotela Ada Colauri. Arazoa kapitalismoaren barneko erreformen izaera mugatua dugu. Auzo mailako antolakuntzak, edozein izanda ere, planteamenduaren oinarrian du akatsa, izan ere, programa komunista baten gabezian, noraeza eta erreformismo antzu horren diskurtsoa da indartzen dena oharkabean bada ere. Beste etxegabetze bat gehiago, beste 10 familia arriskuan.