Domingo Meagher
Donostia kontrasteen lekua izan da. Pirata, kortsario eta gaizkileen babeslekua, baita esklabista, militar eta espekulatzaileena ere. Batzuek eta besteek sentipen ezberdinetatik osatu zuten hiria. Belle epoque-n aberats eta pobreentzako bi espaloi jarri ziren: bata trajedunentzat eta bestea alkandorarik gabekoentzat; turistentzat eta bertakoentzat. Gaur egun antzeko zerbait egiteko bidean gaude, garai bateko ikusgarritasunik gabe. Beste berezitasun batzuekin.
Joeren eta bizitzari aurre egiteko moduen gurutzaketa horiek beharrezkoak dira heterodoxiak sortzeko. Aurrerakoiak dira arau orokorrak betetzen ez dituzten gizon-emakumeak. Gehiengoari jarraitzen ez diotenak. Joxe Azurmendik bere garaian horien aukeraketa bat egin zuen, literatura den adar berezi horretan: Txillardegi, Aresti, Krutwig eta Mirande. Donostiar bat horien artean, orain dela hamar urte hil eta erakundeek baztertu egin dutena, hain zuzen ere, bere heterodoxiagatik.
XVII. mendearen bigarren erdian irlandar merkatarien komunitate txiki bat finkatu zen Donostian. Historian adituek diotenez, garaiko erlijio-jazarpenetatik ihesi, britainiar uharteetako zismaren ondoren. Irlandar ezkontza haietako batetik jesuita bihurtu zen donostiar ospetsu bat jaio zen. Jesuitak Eliza katolikoaren banderadunak izan ziren erreformaren aurka, eta hainbat fase igaro zituzten. Botere-metaketak Vatikanoa bere babesari uko egitera eta kriminalizatzera eraman zuen. Behin baino gehiagotan bota zituzten Iberiar Penintsulatik, garaian Erromako gotorlekutik.
Horregatik, 1703an Donostian jaio eta Domingo Meagher izena zuen gure pertsonaia irlandarra 1767an atxilotu eta kanporatu zuten, jesuita zelako. Bost urte geroago hil zen Florentziako (Italia) erbestean. Meagher Santiagon, Salamancan, Valladoliden eta Oñatin izan zen irakasle. 42 urte zituela itzuli zen Donostiara, eta ez zen mugitu kanporatua izan arte. Bere jaioterriko plaza baten izena dut gogoan, Txillardegi jaio zen lekutik ez oso urrun.
Nahiz eta jesuita izan, heterodoxoa izan zen, birritan. Bere eliz hizkuntza latina eta gaztelania izan arren, bere poemak euskaraz idatzi zituen. Bigarren heresia donostiarra izanik, non sagardoa ura baino merkeagoa zen eta portuan eta badian metro koadroko itsasontziak baino sagardotegi gehiago zeuden, Meagher ardoaren defendatzaile sutsua izan zen. Garaiko ardi beltza.
Jose Manterolak, Jesus Maria Arozamenak eta beste batzuek beren biografia eta poemak berreskuratu zituzten, eta bertsio hori kontsultatu ahal da, hain zuzen ere, Literaturaren zubitegia atarian. Koldo Mitxelenan zabaldu eta digitalizatutako Euskal-Erria aldizkarian bere euskal lana ere kontsulta daiteke. Bertan, ardoaren bi oda nabarmentzen dira: Ardoa eta Matsaren zumua. Euskara euren hizkuntza idatzia egin zutenen alde topa egiteko eta guregana iristeko, hona Ardoa poemaren ahapaldietako bat:
“Edari maitagarria
Tristearen alegria
Dezu alaitzen begia
Kentzen melankolia
Mutuba ipintzen kantaria
Eta errena dantzari”.