Donostiako inguru naturala babesteko azpiegitura berde baten zain
Gure bizimodua ia erabat urbanoa bihurtzen ari da, eta inguru naturalarekiko harremana gero eta bakanagoa da. Bizimodu urbano horrek hainbat abantaila ditu, ezin ukatu. Hala ere, ezin diogu etsipenez oroitzeari utzi gure jatorrizko ingurua izan zena, gaur egun gure hirietatik ia erauzia. Kalekume amorratuenak ere bere auzoan edo etxebizitzaren aurrean berdeguneak dituela egiten du amets. Naturaren pertzepzio positibo hori ez da ilusio hutsa. Ikuspuntu utilitaristatik, onura edo zerbitzu ugari eskaintzen die inguru naturalak hirietako biztanleei. Zerbitzu ekosistemikoei buruz ari gara, herritarren ongizatea eta garapena hobetzen duten zerbitzuak.
Donostiak azalera naturala nabarmen galdu du azken hamarkadetan. Gaur egun, udalerriaren azalera artifizializatua % 43koa da –ia erdia–, eta horrez gain, artifizializatu gabeko azalerak zatikatze maila kezkagarria du. Artifizializazio eta berdeguneen zatiketa maila horiek handitu eta itzulerarik gabeko mailara irits daitezke, zezenari adarretatik heltzen ez bazaio. Hiriko azpiegitura berdeak dira aipatu arazoei aurre egiteko tresnarik eraginkorrenetako bat. Hiri bateko berdeguneak (naturalak zein erdi-naturalak) elkarrekin lotzen dituzten sareak dira, eta iraunkortasun eta biodibertsitate printzipioetan oinarrituta kudeatzen dira, herritarrei kalitateko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzeko. Donostiaren kasuan, azpiegitura berde horrek eremu berde periurbanoko guneak, zenbait hiri parke, udalerriaren barrutietako naturaguneak eta kostako eta ibaietako zenbait eremu har ditzake.
Baten batek pentsa lezake azpiegitura berdeak kimera bat direla, ameskeria primitibista baten ondorio, baina errealitatea da azpiegitura berde horiek dagoeneko hiri eta administrazio askoren agendan daudela, Londresen, adibidez, azpiegitura berdeko asmo handiko proiektua baitu, eta urrunago joan gabe, Gipuzkoan ere, azpiegitura berdeko proposamen bat baitu. Europako Batzordeak ere, Next Generation EU berreskuratze plan ezagunaren palanka politiketako baten bidez, azpiegitura berdeen garapena sustatzen du.
Eta zer egiten dugu Donostian? Hemen promesa faltsuekin jolasean jarraitzen dugu. Udal gobernuak hiriko azpiegitura berdearen plan bat sartu zuen bere gobernu programan, baina errealitatea da gaur egun ez dela haren zirriborrorik ere egin. Aldiz, berdeguneetan hirigintza proiektuak sustatu dira (adibidez, Antondegiko olatu igerilekua), etorkizuneko hiri azpiegitura berdea arriskuan jarriko luketenak. Beren obrengatik ezagutuko dituzue.