Donostiar arraunzale polikromoak
Inork ez ditzala hitz hauek gaizki hartu. Bakoitza izan dadila nahi duen kolorekoa, noski, eta anima dezala nahi duen taldea. Zaletasunak, arraunean bereziki, zerikusi estua du sentimenduarekin, eta sentimendu guztiei zor zaie errespetua. Nola ez, ba.
Alabaina, arraunean donostiarron berezko kolorea zuria izanik, askotariko koloreak ikusten ditut gehiegitan: donostiar polikromoak nonahi. Donostiarrak dira, bai, baina, badakizue, aitona ez dakit zer herritakoa zela-eta, kolore huraxe jantzi behar. Haietako askok kanpoko herrietako erreferentzia eta sustrai «autentikoagoak» goresten dizkizute beti, eta, horrekin batera, bertakoak gutxiesten. Sinetsita daude Donostia hutsaren hurrengoa izan dela arraunketan.
Ba ez, ez da hala, ez eta gutxiagorik ere. Hemen arraunean egin eta arrauna bizi izan da betidanik, eta ederki gainera, beste edozein lekutan bezalaxe, ikusi edo ikasi nahi ez duten askok eta askok kontrakoa uste badute ere. Eta errespetua, zor izatekotan, denoi zor zaigu, gure bizkar barre egitea zilegi bada beste edonoren bizkar egitea zilegi den moduan. Hori natural-natural onartzea baita kirol-legea.
Baina, pentsatzen jarrita, kontu honetan autokritikaren bat egin beharko genuke geuk ere. Zinez uste dut Donostiako arraun-elkarteen amaigabeko ika-mika gogaikarri eta antzuek zeharo aldrebestu egin dutela donostiarren eta hiri-kolore sentimenduaren arteko atxikimendua. Gorago esan dudan moduan, oso lotura estua dute arraunzaletasunak eta sentimenduak, eta, begi bistakoa denez, askoz errazagoa da (gainerako herrietan bezala) zaletasun-sentimendua herri baten sentimenduaren inguruan mamitzea; bai, behintzat, herriko zaleak (eta bestelako giza eta kirol-baliabideak) nolabait sakabanatzen dituzten elkarteetako baten edo bestearen inguruan baino.
Baina, tira, Kontxako Banderaren ospakizun-garaian gaudenez, hobe izango dugu gai horrek historikoki izan dituen inplikazioak beste baterako uztea.
Gora arraunak, donostiar zuriok!